Harriaren arrakaletatik barna

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mar. 9a, 08:35
Indusketak Udabiltzaren laguntza jaso du, eta atzo plaka bat eman zieten Aranzadiri eta Amaiurko herritarrei.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Amaiurko herritarrek monolitoaren ingurunean indusketa arkeologikoak egin dituzte hamar urtez.

Amaiurko herria zeharkatuta bada muino bat, eta, haren goialdean, monolito bat: 1522ko uztailaren 19an Gaztelako armadak eraitsitako gazteluaren oroitarria. Bost mendez, muinoko belar eta lur azpian, harri artean gorde dira gazteluaren arrastoak. «Harriaren ahanztura. harriaren gainean harria, gaztelu eraitsia», deskribatu du Ixabel Aleman Amaiurko bizilagunak. «Harriek, ordea, badituzte arrakalak, zeinetatik sartzen den oroimena. Eta harriak harriari ebastean, bata bestearen gainetik kentzean aurki daiteke zer gertatu zen». Azken hamar urteetan, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Amaiurko makina bat herritar muinoko harrien arrakaletan barna ibili dira, harriari harria kenduz, eta 1522an gertatutakoa oroitarazteko asmoz.

Hamar urteko lanak eman du jada fruiturik. Bisitariak gertutik ikus ditzake gaztelu zaharraren murruak, ur biltegia eta beste hainbat arrasto. Ikusten ez dena osatzeko, informazio panelak ere jarri dituzte bost hizkuntzatan (euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta katalanez). Herria eta harana ikus daiteke bertatik. Inguruko mendien izenak ere jarri dituzte.

Behin lanak amaituta, ospatzeko eguna izan zen atzoAmaiurren. 10:00etan mendi ibilaldia egin zuten, eta eguerdirako, musika giroan, muinoraino igo ziren. Tartean ziren Nafarroako armarria zeramaten hainbat gerlari. Omenaldia amaituta, 14:00etan, herri bazkaria egin zuten.

Indusketa lanetan parte hartu duten Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta Amaiurko herria omendu zituzten atzo. Atontze lanak diruz lagundu dituzte Udalbiltzak, Udabildek eta Baztango Udalak, eta Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidenteak plaka bat eman zien Mikel Mujika Amaiurko herritarrari eta Enrique Lekuona Aranzadiko ordezkariari. Monolitoaren aurrean, bi dantzarik aurreskua dantzatu zuten haien omenez.

Harri artean, herria

Biek hartu zuten hitza jarraian, eta beren esperientziaren berri eman zuten: «Enrique, hamar urte dira etorri zinetela harri bila nonbait, eta zuetako zenbaitek amaitu duzue gudariz jantzita hementxe. Horrek bi arrazoi ditu: berezi samarrak zaretela Aranzadikoak edo herrian integratu zaretela. Harri bila etorri ondotik herri bat topatu duzue». Txantxetan, Mujikak gogorarazi zion herria bere osotasunean topatu dutela, ez soilik herria bera, baizik baita «Luisaren ostatua eta herriko zopak edo garagardo biltegiak» ere. Mujikak nabarmendu nahi izan zuen lana gogotik egin dela, eta herritarrek eurek ere «ekarpen txiki bat» egin dutela: «Ni neuk, nire aitzurrarekin bizkarrean, agian hemengo aurkikuntzarik hoberena egin ez ote dudan zalantza dut: urrezko txanpon bat aurkitu bainuen halako batean».

Lekuonak aurkikuntza gogoan zuen. «Txorizo bateko txapa moduko bat zen... Eskerrak ez zuen bota, benetako txanpona baitzen. Henrike IV.aren garaikoa». Lekuonaren arabera, duela hamar urte Aranzadi elkarteko boluntarioak joan zirenean berehala ohartu ziren «oso berezia» zela, herriaren erantzunagatik: «Beste aztarnategietan egon izan gara, baina ez da berdin gertatzen. Alde batetik, dena euskaraz egiten genuen, eta herritarrak denak euskaldunak. Plazera izan da horrela lan egitea». Zientifikoki ere lana oso ondo egin dela deritzo, eta «oso emaitza onak», arrasto asko jaso dituzte: «Herri honetan ohartu ginen bazela memoria bat airean zena». Izan ere, herrian, aurretik monolitoa bi aldiz altxatu zuten. «Eta orain, lurraren azpitik, gaztelu horren oinarriak azaldu ditugu. Mitoak beste erreferente bat du: gaztelua».

Mujikak prozesua bera nabarmendu zuen: «Baliabide gutxirekin egin dugu muntaia, eta horrek buruari eragitea eskatzen du, eta, aldi berean, elkarlana. Herritarrok aberastu egin gaitu».

Amaieran, Mertxe Aizpuruak txalotu egin zuen elkarlan horri esker Euskal Herriak leku sinboliko garrantzitsu bat berreskuratu izana. Amaiur.

 

Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!