This land is not our land

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko aza. 9a, 14:57

Ez dakit zer izan den Amerikako Estatu Batuetako azken hauteskundeetatik gutxien gustatu zaidana. Ea izan den, etxetik hasteagatik, Maryland, Arizona eta Texasi buruz alboko auzoa balira bezala hitz egiteko daukagun gaitasuna, benetan alboan dauzkagun auzoetako leku eta jendeez paso egiteko dugun gaitasunarekin bakarrik konpara daitekeena.

Ez, hori ez da izan okerrena. Okerrena Donald Trump zen eta galdu du: zorionak yanki guztiei dirutan okitutako nazi ero hori Etxe Zuritik kanporatu duzuelako. Gauzak askoz hobeto joango dira ekitaldi publikoetan haurrak modu higuingarrian ukitzeko lotsarik ez daukan demokratarekin –Youtuben ikus dezakezue "Joe Biden inappropriately touching children compilation" bilatuta: ea lortzen duzuen goragaleari eustea–.

Baina ez, hori ere ez da okerrena. Baliteke okerrena izatea inperioko presidenteorde berria, Kamala Harris, nola txalotu duten hedabide progre askok, kargu horretara iristen den lehen emakumea izateaz gain, gutxiengo arrazial batekoa delako. Letra txikiagotan kontatuko zuten, edo agian hori ere ez, Kaliforniako fiskal nagusi gisa nola saihestu zuen poliziak egindako hilketak ikertzea, beste zenbait kontu ilunen artean.

Ez, horrekin ere albiste txar garrantzigabeen zerrenda ez da lehen postura iritsi. Zeren, nire ustez, Estatu Batuetako bozen gauzarik desesperagarrienetako bat izan da konstatatzea Trumpi aurre egiteko Bidenen ordez Bernie Sanders ezkertiarra aukeratu izan balute, gaur lastozko tupedun faxistaren garaipen berri batez hizketan ariko ginatekeela.

Herrialde horretako politikaren ardatza hain eskuinean baldin badago; eta gutxiengo bateko kide izate hutsak eliteen zerbitzura egindako karrera oso bat zuritzen badu; eta kalterik txikienaren logikak agintzen badu beti, alegia, beti norbait kaltetuta aterako dela hasieratik onartzen bada, orduan, zergatik tematzen gara Amerikako Estatu Batuetako logikaren arabera antolatzen gure arteko eztabaida politikoak ere?

--

gorka

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!