Topikosfera

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko urr. 19a, 11:46

Gustatzen zait nire iritziak zalantzan jartzen dituen jendea. Asteburu honetan, adibidez, Gasteizko @Unaimy-k idatzitako txio batek bultzatu nau pandemiarekin lotutako polemika bat errebisatzera. Testuinguru pixka bat: EAEko hauteskundeak uztailean egiteagatik EAJk jasotako kritikak aipatu ditu Unaik Twitterren eta egungo egoera ikusita, zera planteatu du: "Pentsa nola egongo ginatekeen orain uztailean egin izan ez balira: behin behineko gobernua eta hauteskundeak epe luuuuze luze batean egiteko aukera gutxi".

Euskal mikrokliman geroz eta arraroagoa bihurtzen ari den espezie batekoa iruditzen zait txiolari hori, izan ere, beste batzuetan jeltzaleekin oso kritiko agertzeko arazorik ez daukan arren, gaur egungo egoera baloratuz aipatutako kasuan erabaki ona hartu zutela esateko problemarik ere ez du –edo gutxienez aukeran zeuden erabaki txar guztien artean onena izan zela–. Eta uste dut bestelako politikak nahi baldin baditugu, eskuzabaltasun hori edukitzea ere ezinbestekoa dela: ordezkariei kontuak argi emateko eta autokritikoak izateko eskatzen badiegu, guk ere, gure eskalan, onartu beharko genuke tarteka beroz beroan botatako aurreikuspen batzuekin huts egin genuela –ezagutzen dut osasun larrialdi honen hasieran lantokiak irekita mantentzea jendea hiltzera kondenatzearen pare jarri zuenik; bistan denez, bere alderdi kritikagarri guztiak kontuan hartuta ere, gauzak ez ziren hain tragikoak izan–.

@Unaimy-rena bezalako mezuek ez dute, ordea, oso prentsa onik gure artean. Euskal topikosferak batzuetan zuziak hartuta inguratzen du horrelako desbideratze publiko bat egiten duena eta horrek batzuentzat iritzi-giro nahiko itogarria sor dezake (txarrenera) eta esfera publiko guztiz monotono eta aurreikusgarria (onenera). Zerbait egin beharko genuke hori aldatzeko, zeren bestela benetan merezi duten pertsonek buka dezakete kultura hau abandonatzen, lasaiago hitz egiteko aukera ematen dien erdaretako batera pasatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!