Arrakadak joko-zelaian

Lehen orrialdekoa bada ere, txiki-txikian ikusi dut gaurko argazkia. Hain txiki, ematen du moztu, iturrietan jarri, eta iturrietara jolasteko aukera emateko pentsatua dela. Umetan, iturri horietan, edari gasdunen txapen barrualdeetan, itsasten genituen gure kirol-heroiak: txirrindulariak-eta. Haiekin lasterketak egiteko plazako kioskoaren inguruan. Gutxirekin jolasten umeak orduan.
Kuriosoa da gaurko azaletan kirolak, futbolak, hartu duen tarte zabala ikusita, orrialde erdiak eta ia oso-osoak hartu baititu hainbat kasutan, diodan argazkitxoak bi euroko txanponaren besteko zabalera baizik ez edukitzea. 'Ez da futbola', esan dezake baten batek. 'Ez da gizona', beste batek. Eta biek arrazoi.
Kostatu egiten da arrakada femeninoa ikustea egunkarietan. Kirol orrialdeetan ez da erraza. Lehen orrialdeetan, zer esanik ez.
Gaur bai. Gaur, Bera-Berako Bea Fernandez azaldu dute argazkitxoan. Eta dio hark: “Anbizio handiko taldea gara”.
Anbizioa behar du egunkariak emakume kirolaria azalera ekartzeko. Anbizioa, emakumeak berak hori exijitzeko. Berdintasuna esaten omen diote, benetan justiziazkoa denari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!