Oroit-ikurra eskuetan duela ageri da argazkiaren erdi-erdian. Inguruan dauzka lagunak eta sarirako izendatu dutenak. Paparreraino jaso du uso-itxura duen eskultura, eta galdera egin du: Non daude denak botata?
Josefa Berasategiren hitzak dira horiek, Rene Cassin saria jasotzean. Giza eskubideen alde egindako lana saritzeko sortu zuen Eusko Jaurlaritzak saria, eta aurten Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformari eman diote.
Frankismoak planifikatutako genozidioa eta gizateriaren aurkako delituak aztertzeko eskatu dute plataformako kideek. Argentinako Servini epailearen laguntzarekin dihardute, Espainia esaten ari baita kontu hori guztia erabat gaindituta dagoela.
Frankisten mesederako idatzitako Amnistia Legea indargabetu eta baliogabetzeko eskatu dute, Frankismo garaiko ankerkeria eta gehiegikeriak aztertu daitezen. Non daude, bada, bide bazterretan inpunitate osoz hil zituztenen gorpuak? Non? Lore bat jarri ahal izateko aitonari, izebari, amari, koinatuari...
Hauteskunde-kanpaina honetan, alderdirik gogoratu ote da sarraskitutako haiekin? Zeren, atzeak erakusten baitu aurrea nola dantzatu....

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!