Aldaketa benetakoa

Aunitzetan konfesatu dut gaztetako nire pekatu ideologikorik handiena, eta gaur ere eginen dut: Kazetaritza ikasketak Opus Deiren unibertsitatean egin nituen. Uste dut ez zitzaidala deus kutsatu haien katolizismo muturrekotik, kapitalismo porrokatutik edota klasismo lizunetik. Baina bai, bai, hantxe izan nintzen lau urtez. Ikasten edo.

Eta, bertzeak bertze, ikusi eta ikasi ahal izan nuen Opus Deiren unibertsitatea, arnas egiteagatik izan ezik, edozer gauzarengatik kobratzen saiatzen dela. Beti-beti-beti, edozer gauzari ahalik eta etekin ekonomikorik handiena ateratzen saiatzen dira. Konparazio batera, nire belaunaldia izan zen azkena Irratiko praktikak idazmakinarekin egiten. Gure atzetik etorri zirenei praktikak norberaren ordenagailu eramangarriarekin egitera behartu zituzten. Eta jakina, unibertsitateak ordenagailu eramangarri horiek erosteko eskaintza ezin hobea egiten zien ikasleei.

Gauzak horrela, Nafarroako Unibertsitateak erraten badu bere langileak bere klinikan artatzeagatik Nafarroako Gobernuarengandik jasotzen zuen dirua baino gehiago gastatzen zuela, jakin ezazue gezurra dela. Gezur galanta. Eta, beraz, ongi ari garela eta harekin hitzarmena etetea nahitaezkoa dela benetako aldaketa lortze aldera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!