Ez dut kenduko bizarra

Itsas aldean, izarra.

Hari begira, lizarra.

Euskara salbu ikusi arte

ez dut kenduko bizarra.

Bizardunek ez dute, ez, bizarra kendu eta, ahoan bilorik gabe, bigarren komunikatu batean berriz ere ekin diote Esne Beltzak ordezkatzen duen musika eszena motaren kontra.

Musikaz deus gutxi erranen dut nik, mundu horretan infiltratu hutsa bainaiz.

Euskararen inguruan, zer edo zer gehiago aipa nezakeen haiek bezala neu ere bainaiz D ereduaren “erabateko arrakasta”, neu ere bainaiz D ereduaren alde eremu mistoan borrokatu ziren erdaldunen semea.

Iruñerriko elebiduna nauzue. Eta gauza batengatik edo bertzearengatik komunikatu, prentsa ohar eta testu anitz idatzitakoa naiz. Eta deituidazue eroa, baina beti-beti euskaraz idatzi izan ditut lehenbizikoz. Nire hautua izan da. Hautu naturala, pertsona natural batek egiten duen heinean.

Euskaraz bizi nahi dut. Iruñean. Eta primeran iruditzen zait euskaldunek euskaraz bizi nahi izatea Faltzesen, Lizarran eta Tafallan. Baina jakin badakit euskarak arnasguneak behar dituela, eta berebiziko garrantzia duela Hernaniko batek, saltoka bada ere, Euskaraz bizi nahi dut kantatzeak edota Lesaka bezalako herri batek euskara plana izateak.
Hori ez baita "konfort eremuetan sorturiko energia politiko hila". Euskarak (eta euskal hiztunek) behar du(t)ena, baizik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!