Zorionez, badugu zer kritikatu

Badira bi egun Iruñerrian ETBren telebistak zaratarik gabe ikusten ditugula. Zaratarik ez soinuan. Zaratarik ez irudian. Asko jota, zarata pixka bat hemizikloaren eskuinaldean.
Hortaz, mila esker, esker horiek jasotzea merezi duzuenok!
Baina kito. Honezkero, hasierako ilusioa baretzen hasi dela, ETB gupida gabe kritikatzen has gaitezke, ezta? Telebista hori gure zergekin ez ordaintzeak ematen digun erabateko zilegitasunarekin, gainera.
Ni, nire aldetik, gaur berean hasiko naiz kritika lanekin, guraso astunek guraso bilera orokorretan egin ohi dutenez, bertzeei bortz axola zaien nire kasu partikularra kontatuz.
Bada, atzo goizean, zortziak baino lehen, haurrak eskolara joateko prestatzen ari nintzela, ETB3 euskarazko marrazki bizidunen paradisua jarri nahi izan nien nire semeei. Baina marrazki bizidunik ez. Kamera ezkutuen maratoiarekin ari ziren. Beraz, ETB1era egin nuen salto. Hantxe, haurrendako saioa, Sorgintxulo. Baina marrazki bizidunik ez, sorgin baten eta mago baten arteko hitz-aspertu aspergarria baizik. Pazientzia izan genuen, ez pentsa. Baina marrazki bizidunik gabeko 20 minutuak gehiegitxo egin zitzaizkigun. Eta Nafar Telebistara pasatu ginen. Ene kantak! "Yuhuu!", gure haur txikiaren dantza.
Eta horixe. Duela bi egun arte bezalaxe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!