Nafarroako Idazleen Elkarteak omenaldia egin dio Martzela Abarzuzari

Reyes Ilintxeta 2024ko mai. 7a, 19:32

Abarzuza liburudendak atea itxi zuen maiatzaren 4an, 31 urteko bideari amaiera emanez. Asko dira egun hauetan hamaika dira Martzela Abarzuza jasotzen ari den maiatsun adierazpenak, Bakarne Atxukarro azaldu duen bezala #Gizalaba saioan. 

Martzela Abarzuza Fontellas

Joan den astean Nafarroako Idazleen Elkartekoak Abarzuza liburu-dendara joan ginen hango jabeari eskertzeko azkeneko 30 urte hauetan egindako lana.

Eta gaurko gizalaba bera izango da, Martzela Abarzuza Fontellas.

Iruñean jaio zen 1959an, eta betidanik liburu-dendan aritu da Ceferina amarekin. Amak ere oso historia interesgarria du, eta beste egunen batean ekarriko dugu hona. Baina gaurko protagonista Martzela izango dugu.

Martzela, beti liburuz inguratua bizi izan da. Haren lehen oroitzapenak Kale Berrian zuten dendakoak dira. Baina ez pentsa! Kalekoak era baditu, San Frantzisko plazakoak, hain zuzen, han ordu asko ematen zituelako jostetan.

Txikitan amak ahalegin handiak egiten zituen arren, Martzelak ez zuen batere gustuko irakurtzea. Baina 16 urte zituela Felix Urabaienen El barrio maldito liburua irakurri zuen, eta liluraturik geratu zen. Geroztik ez dio inoiz utzi irakurtzeari, eta liburuak bizimodu bihurtu ziren.

Urte asko eman ditu saltzaile gisa. Lehenik eta behin, familiak zeukan Kale Berriko liburu-dendan. Gero, Rafa senarra eta bera Xalbador eta Xalem dendetan aritu ziren, haiena zabaldu arte, Santo Domingo aldapan. Aukera polita aurkeztu zitzaien, han lokal bat salmentan jarri baitzen, eta, harekin batera, lehen solairuan zegoen pisu bat. Senar-emazteek biak erosi zituzten, ama ekarri eta Abarzuza liburu-denda zabaldu zuten.

Ama euskalduna bazuen ere, berak ez zuen euskara etxean ikasi. Senideen artean Martzela zaharrena da, eta jaio zenean ama harekin beti euskaraz aritzen zen. Baina aita, osasun txarrekoa izanik, askotan egoten zen ospitalean, eta etxera itzulita, tristatzen omen zen seme-alabak euskaraz adituta, berak ez zuelako ulertzen. Horregatik, amak erabaki zuen etxean gaztelaniaz egitea.

Hala eta guztiz ere, euskararekiko maitasuna transmititu zien seme-alabei, eta maitasun hori erabat barneratua izan du Martzelak bizitza osoan. Izan ere, euskal gaia beti izan da haren dendaren berezitasuna. Baita Nafarroako gaia ere.

Abarzuza liburu dendaren ezaugarrietako bat horixe izan da, alegia. Sarreran best-sellerrik ez zegoeen inoiz. Sarrerako apalategietan bertako idazleen lanak ikusten ziren. Ezagunak edo  ezezagunak izateak ez zuen inporta. Haiekin batera, Nafarroako edo Euskal Herriko historiari buruzkoak, bai euskaraz, bai erdaraz. Horiek ziren turistek eta erromesek  ikusten zituzten lehendabiziko liburuak. Beraz, Abarzuza denda euskal kulturaren ezinbesteko erreferentea izan da Iruñean.

Horrez  gain, Abarzuza liburu-denda baino askoz gehiago izan da beti. Adibidez, aspalditik sanferminetako entzierroak hasi baino lehen korrikalari asko sartu izan dira haien gauzak han uztera. 

Idazleen topagunea ere izan da . Han elkartzen ziren, elkar ezagutzen zuten, eta literaturari buruz hitz egiten zuten.

Bezeroekin ere literaturari buruz hitz egin du beti Martzelak. Askok gomendioak eskatzen zizkioten, eta berak beti egia esaten zuen. Gustukoak zeuzkanak gomendatzen zituen, eta atseginak ez zituenak ez, nahiz eta oso famatuak izan, ondo baitzekien merkatura ateratzen den guztia ez dela ona.

Pentsamendu zabalekoa izan da beti gure Martzela. Horregatik, nahiz eta liburuen maitalea izan, teknologia berrien aurka ez da inoiz egon. Liburu elektronikoak ez ditu gustuko, baina irakurleek erabiltzea  ulertzen du. Idazleei dagokienez, uste du izen famatua izateak ez duela lan on bat plazaratzea  bermatzen; beraz, liburu bat modan egotea ez da nahikoa berak aholkatzeko. Eta ez dizkie ateak itxi idazle berriei, youtuberrei, eta abarrei, jendea, eta batez ere gazteak, haien eskutik hurbiltzen baitira liburuetara, eta hori begi onez ikusi du.

Martzelak orain erretiroa hartuko du. Merezi du, bai. Maiatzaren 16an ixteko asmoa zeukan, baina aurreratuko du data, oso gogorra egiten zaiolako denda erdi hutsik ikustea.

Furgonetaz bidaiatzeko unea iritsi zaio, jarduera askotan parte hartzeko momentua, eta alde zaharrean zehar paseatzeko ordua. Hasieran urduri zegoen, eta ohituko zen edo ez ez zekien, baina orain badu buruan haren bizitza berria nolakoa izango den.

Bi urtez saiatu da norbaitek lekukoa har zezan, baina ez du lortu. Beraz, orain arte liburu denda xarmagarri bat izan dena souvenir denda bat bihurtuko da. Bezeroek ezin izango dute galdetu zein liburu erosi behar duten. Bertako idazleek elkartzeko txokorik ez dute izango. Korrikalariek ez dute jakingo non utzi mugikorra, kartera edo giltzak entzierroa hasi baino lehen…

Baina hori guztia ez da Martzelaren ardura izango, urte hauetan egin behar zuen baino askoz gehiago egin duelako.

Horregatik, eskerrik asko esatea besterik ezin dugu egin. Altxor bat itxiko da orain, baina zabalik egon den bitartean gozatu dugu asko, eta pozik egon behar dugu ezagutu dugulako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!