'Julia Fernandez Zabaleta' pastolara estreinatuko du maiatzean Zaldiko Maldikok

Maialen Huarte Arano 2024ko api. 16a, 10:44

Julia Fernandez Zabaleta. Emakume aitzindariak pastorala prestatzen ari da Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartea. Maistra iruindar, euskaltzale eta feministari omenaldia egin nahi diote, maiatzean estreinatuko duten ikuskizunarekin. Mikel Tabernak egin du testua eta Ihitz Iriart da errejenta.

"Funtsezkoa izan zen irakaskuntzan, funtsezkoa euskaltzaletasunean, politikagintzan eta emakumeen eskubideen aldeko jardunean". Hala definitu du Julia Fernandez Zabaleta Zaldiko Maldiko elkarteko kide Kike Diez Ultzurrunek. "Jende gehienarentzat ezezaguna" dela ere gaineratu du. Horregatik guztiagatik eman nahi dute ezagutzera haren bizitza, horregatik guztiagatik omendu nahi dute, pastoral baten bitartez.

Nolanahi ere, ez da pastoral arrunta izanen. Zuberoan du sorburua herri-antzerki molde honek. Julia Fernandez Zabaleta. Emakume aitzindariak lana, ordea, Iruñean ondu dute. Hori horrela, pastoralaren oinarriak hartu dituzte, esentzia bereganatu dute, baina egitura aldatu diote, nabari dadin hiri buruzagiko euskal jendeak egin duela.

Sarrera-liburuxkak, Karrikiri euskal dendan

DIez de Ultzurrunen aburuz, "ezin da pastoral batean bildu Julia Fernandez Zabaletak egin zuen lanaren handia". Edonola ere, hiru orduko emanaldia prestatu dute. Iruñeko San Frantzisko ikastetxe publikoko patioan taularatuko dute, Fernandez Zabaletak eskolak eman zituen ikastetxean, hain zuzen ere. Maiatzaren 4an estreinatuko dute, 17:00etan. Bigarren emanaldia hilaren 12an eginen dute, 11:00etatik aurrera.

Sarrera fisikorik ez da izanen. Erran nahi baita 10 euroan Fernandez Zabaletari buruzko liburuxka bat salduko dutela, eta liburuxka horrek sarrera moduan ere balioko duela. "Ez da inola ere historia liburu bat, hutsuneak badituelako eta ez duelako helburu hori bilatzen. Informazio interesgarria jasotzen du, argazkiez ere horniturik", gaineratu du Ihitz Iriart errejentak.

Pedagogian, euskaltzaletasunean eta feminismoan aitzindari

Julia Fernandez Iruñeko Dormitaleria karrikan jaio zen, 1898 urtean. Iruñean bertan, San Jose plazan zegoen Irakasle Eskolan egin zituen maistra ikasketak. Iruñeko Udalaren beka batekin Bartzelonara joan zen, Mariaa Montessori pedagogo italiar ospetsuarekin ikastera. Pedagogia berritzailea gogoan, Iruñeko udal eskoletan hasi zen lanean, bere lanpostua oposiziotan irabazi eta gero. Emakume aitzindaria, feminista, euskaltzale eta abertzalea izan zen.

Euskaltzaindiarekin elkarlanean aritu zen eta baita Euskal Esnalea elkartearekin ere, euskara zabaltzeko xedearekin. Euskararen aldeko ekimen publikoetan behin baino gehiagotan parte hartu zuen Iruñerrian eta beste zenbait eskualdetan. 1923an Euskal Egunetan parte hartu zuen hizlari gisa, Euskaltzaindiaren eskutik. Besteak beste, feminismo feminismo internazionalaren defentsa egin zuen, euskaraz.

Bigarren Errepublikaren garaietan, Emakume Abertzale Batza erakundearen zabalkundean parte hartu zuen Nafarroan zehar. 1936ko urrian, etorkizuneko Euskal Unibertsitatearen oinarriak aztertzeko, Eusko Ikaskuntzak sortu zuen batzordearen partaidea izan zen. 1936an maistra lanetatik kendu zuten arrazoi politikoengatik eta 1958 urterarte ezin izan zuen ofizialki bere lanera itzuli.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!