Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Miren Mindegia 2024ko api. 5a, 10:40

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'

Apirilaren 8tik 11ra bitartean Ecozine, zinema eta ingurumeneko nazioarteko jaialdia eginen da Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan. Astelehenetik ostegunera bitartean, hiru dokumental luze, bi film labur eta erdi-iraupeneko film bat ikusteko parada izanen da, sarrera librearekin: astelehenean, Andrew Niskerren Nuked; asteartea, Water for life, Will Parrinellorena; asteazkenean, Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz; eta ostegunean, Martin Romeroren To bird or not to bird, animaziozko film labur onenaren Goya sariaren irabazlea izandakoa, Vuelta a Riaño dokumental laburra eta Donde quisimos vivir iraupen ertaineko dokumentala.

Ecozine jaialdia 2008an sortu zen Zaragozan (Aragoi) Ecozine Elkarte kulturalak bultzatuta. 2017tik Iruñean jaialdiaren bi atal ematen dira, Iruñeko Udaleko Ingurumen Heziketarako Zerbitzuak kudeatuta. Alde batetik, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako atala, dagoeneko ospatu dena; eta bestetik, hiritargo osoari zuzendutako emanaldi sorta. Iosu Alfaro Ingurumen Heziketako Museoko kideak azaldu bezala, jaialdiaren helburua ingurumenaren eta aldaketa klimatikoaren inguruan kontzientzia piztea eta hausnarketatik ekintzetara igarotzeko urratsa ematera bultzatzea da. 

Emanaldi guztiak Golem Baiona zinema aretoan izanen dira 19:30etik aurrera, sarrera librearekin. Egitarauaren xehetasun guztiak Iruñeko Udaleko Ingurumen Heziketarako Zerbitzuaren webgunean aurkitu daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!