Udalak Arantzadiko likidanbar zuhaitzak ureztatuko ditu

Euskalerria Irratia 2016ko abu. 24a, 13:47
Udal langileak, Arantzadi parkeko likidanbar zuhaitzak ureztaketa prestatzen, gaur eguerdian (Argazkia: Mikel Belasko).

> Hala iragarri du Euskalerria Irratian udaleko Lorategi eta Berdeguneetako zuzendari Mikel Baztanek.
> Abendura arte, Arantzadiko parkearen mantenuaren ardura esleipena jaso zuen enpresarena da.
> “Parkearen bigarren fasea egiteko zazpi milioi euro behar dira, halako dirutza gastatu aurretik proiektua birpentsatu beharra dago”, esan du.

Atzo webgune honetan berean zabaldu genuen Mikel Belasko, Zuhaitzen Lagunen Elkarteko eta Txantrean Auzolan taldeko kidearen salaketa: Arantzadiko parkean hamar bat likidanbar, bi gaztainondo eta astigar bat lehortzen ari ziren, oso egoera larrian zeuden.

Gaur antenan elkarrekin mintzatu dira Belasko eta Mikel Baztan, udaleko Lorategi eta Berdeguneen zuzendaria. Eta elkarrizketa horretatik konpromiso bat atera da: udalak gaur bertan ureztatuko ditu zuhaitzok.

Arbola horiek guztiak Arraizatarren etxearen lorategian zeuden. UPNren udal aginte taldeak parkea egiteko Arantzadiko lur guztiak desjabetu zituelarik, lorategi hori soildu zuten, eta uholde eremua sortzeko hondeamakinek handik lurra atera zuten, zuhaitz bakoitzari muino bat utzita. Horrek guztiak eta aurtengo abuztu lehorrak eragin birrintzailea izan dute zuhaitzetan.

“Ezin da dena ureztatu: didaktika egin behar da”

Atzo bertan, Diario de Noticias egunkariak Arantzadi parke osoa lehor dagoela zabaldu zuen, azaleko argazki nagusiaren eta erreportaje luze baten bitartez. Horren aitzinean, Baztanek dio parkearen inguruko “gogoeta sakona” egin behar dela.

Parkea sortzeko egitasmoa UPNk aurkeztu zuen. EH Bilduk eta IEk kontra egin zuten. Gainontzeko talde guztiek, alde. Baztanek nahiago zuen Arantzadiren erabilpen tradizionala proiektu berria baino: “Obrarekin ez nago ados. Zegoena izugarri polita zen, eta balio handikoa”.

Parkeko soroen mantenua egun ez dago udalaren esku. Esleipena jaso zuen Aldayjover enpresarena da. Eta abendura arte izanen da hala. “Dena dela, dagoena soro naturala da. Belar mota asko dago, aniztasuna”, azaldu du udal zuzendariak. “Lehorra eta itsusia ikusten dugu, baina itsusiarena eztabaidagarria da. Soro ureztatu gabe asko dago, bai, baina kontzeptu berriak landu behar dira, ezin baita dena ureztatu. Didaktika egin behar dugu”, gaineratu du.

Arantzadiko parkearen kudeaketa plana

Udala parkearen kudeaketa plan integrala prestatzen ari da. Parkearen lehen fasea egiteko, UPNko udal aginte taldeak lau milioi euro gastatu zituen, baina finantzazioaren %80 Europatik heldu zen. Bigarrena gauzatzeko, beste zazpi beharko lirateke, eta ez dago batere argi berriz Europatik finantzaziorik iritsiko den. “Halako dirutza behar duen  proiektua gauzatu aurretik, ongi aztertu behar da, ongi birpentsatu”, esan du Baztanek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!