Prebentzio-neurriak hartuko ditu Iruñeko Udalak sexu eraso gehiagorik izan ez daitezen

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 19a, 12:35

Eraso sexistak ekiditeko udaltzainen presentzia handitu eginen da auzoetan eta kontzientziazio zein formazio kanpaina jarriko du abian Iruñeko Udalak.

Indarkeria matxistaren aurrean, tolerantzia zero. Horixe da Iruñeko Udalak azken erasoen aurrean berretsi duena. Hala, azken asteotan izan diren genero indarkeria kasuen aurrean prebentzio moduan plan berezia jarriko du martxan. Eraso sexistak ekiditeko udaltzainen presentzia handitu eginen da auzoetan eta kontzientziazio zein formazio kanpaina jarriko du abian Iruñeko Udalak. Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako zinegotziak nabarmendu du, ez dela alarmarik sortu nahi herritarren artean. Ez da sexu eraso gehiagorik antzeman, baina, gehiago izan ez daitezen neurriak hartuko dituztela.

Segurtasun indartu eta kontzientziazio gehiago

%30 udaltzain gehiago izanen dira auzoetan. Bereziki gauez eta jai-giroa izaten den kaleetan. Taberna inguruetan, diskoteka atarietan. Baina baita, argitasun gutxiko gune, lorategietan ere. Autoz ibiliko dira hirian barrena baina baita oinez ere.

Bestetik, kontzientziazio eta formazio kanpaina ere aipatu ditu Romeok. Hala, diskoteka eta tabernetako atarietan izaten diren segurtasun pertsonekin, udaltzainekin eurekin eta festa-giroan parte hartzen duten agenteekin eginen dute lan.

Asteburuan ekinen diote prebentzio neurri horiek hartzeari. Sanferminak arte izanen da abian, eta gero, emandako emaitzen arabera aztertuko dute jarraitzeko beharra baden edo ez. Herritarren parte hartzea ere eskatu du Romeok. Izan ere, eraso sexisten aurrean denok dugu erantzun irmoa emateko erantzukizuna.

Arrisku egoerak ekiditea, xede

Neurri hauek hartzeak azpimarratu du, ez du esan nahi hazi egin dela Iruñeko segurtasun eza, baizik, azken kasuen aurrean erantzuna eman eta halakorik berriz gerta ez dadin lan egitea dela asmoa. Datuen artean, iaz, 10 sexu eraso salatu ziren, aurten, maiatza bitartean 4 izan dira salaketak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!