Sexu erasoen aurkako manifestazioa deitu dute larunbaterako

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 16a, 19:39
Gaurko elkarretaratzea. Arg: @patriciaioar

Donibane auzoan hamabost egunean izaniko bi erasoen aurkako elkarretaratzea egin da gaur. Bertan egin dute larunbatean 18:00etan Golemetatik abiatuko den manifestaziorako deia.

Udaltzaingoak jakinarazi duenez larunbatetik iganderako goizaldean izan zen azken erasoa, kalean. Dei bat jaso zuten udaltzainek Donibaneko San Roke kalean sexu eraso bat gertatzen ari zela jakinaraziz, eta bertara joan ziren poliziak. Han zen erasoa jasandako neska, 20 urtekoa, beste lagun batzuekin. Herritarrek erasotzaileetako bat atxikia zuten eta erasotzaile horrek eman die bestearen deskribapen fisikoa. Auto artean ezkutatuta zegoen, gertuko kale batean. Ondoren atxilotu zituzten bi gizonak 26 eta 21 urte dituzte. Polizia iturrietatik aditzera eman dutenaren arabera hirugarren ustezko erasotzaile baten bila dabiltza orain.

Eraso hori salatzeko elkarretaratzea egin da gaur Golem zinema tokietan dagoen Tramontana monumentuan. Bertan izan da, besteak beste, Iruñeko alkatea Joseba Asiron.

Asironek ohartarazi du ez daudela halako egoerak onartzeko prest, eta euren esku dagoen guztia egingo dutela, halakorik gehiago gerta ez dadin. Hala, udalak deituta elkarretaratzea eginen dute bihar eguerdian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!