Trafiko eskuduntza bermatzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko api. 24a, 07:19
Maria Txibite lehendakaria eta Angel Victor TOrres ministroa (bigarrena eskuinetik), atzoko ekitaldian. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Foruzaingoak esklusiban izanen du errepideen kontrola

Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.

Otsailean, trafiko eskuduntzaren transferentziaren errege-dekretua baliogabetu egin zuen Espainiako Auzitegu Gorenak. Ebazpen hori gainditzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostua aurkeztu zuten atzo arratsaldean, Nafarroako eta Espainiako gobernuek.

“Erreforma honek Nafarroa osoki berrintegratu egiten du Trafiko eskuduntzen kudeaketan”, azaldu zuen Angel Victor Torres Lurralde Politika ministroak, atzo arratsaldean Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian.

Blindaje horrek bi gako ditu: batetik, adosturiko erreformak trafikoarena eskuduntza historikoa dela zehazten du; bestetik, eskuduntza hori esklusiboa dela gaineratzen du, Guardia Zibilarekin partekaturikoa izateari atea ixteko. Hala, Gorenak errege-dekretuaren aurka erabilitako bi argudioak indargabetzen ditu.

“Honako hau beste urrats bat da beti erakutsi dugun konpromiso politiko eta instituzionalean, beste bultzada bat da Konstituzioarentzat eta Foru Hobekuntzarentzat”, nabarmendu zuen Maria Txibite foru lehendakariak.

Foru Hobekuntzaren erreformak hainbat urrats egin beharko ditu orain. Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuak onartuko du, gaurko lan saioan. Jarraian, Nafarroako Kontseiluak txostena eginen du. Foru Parlamentuan eztabaidatu eta bozkatuko dute. Azkenik, Espainiako Kongresuak eta Senatuak ere onartu beharko du. Txibitek urte amaierarako prozesua burutua izatea espero du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!