Hasi eta ez buka

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko api. 22a, 07:14
Aresok, ohi duenez, lan txukuna egin zuen eskuin hegalean. (Argazkia: OsasunaI

Osasunak bi eta bat galdu zuen Rayoren aurka, larunbatean Vallecasco Estadioan jokaturiko norgehiagokan. Porrot horren ondotik, gorritxoak hamaikagarrenak dira sailkapenean, 39 punturekin, eta Europarako sailkatzeko aukera errealik gabe geratu dira, zazpigarren postutik bederatzi puntura baitaude, denboraldia amaitzeko sei jardunaldiren faltan.

Klasikoek lioketen moduan, partiduak bi zati eduki zituen, lehendabizikoa eta bigarrena. Erran nahi baita bata eta bestea oso desberdinak izan zirela.

Lehendabizikoan, Osasuna gehiago izan zen Rayo baino. Gorritxoak kementsu eta txukun aritu ziren. 29. minutuan, Moi Gomezek gol dotorea egin zuen, Ruben Garciarekin bat bikoa egin eta gero. Garciak eta Aresok lehen zati bikaina egin zuten, eskuin hegaletik.

Alta, bigarren zatian Arrasateren mutilak intentsitatea galdu zuten, eta jaitsiera saihesteko puntu premia zuten Iñigo Perezenak lehia  guztietan gailentzen hasi ziren, eta partidua luzea egin zitzaien gorritxoei.

Lau minutu aski izan zitzaizkien emaitzari buelta emateko, urrutiko bi jaurtiketa zitalen bitartez. 80. minutuan, Chavarriaren gola. 84.ean, Isirena. Eta hiru puntuak Vallecasko Fofo pailazoaren kalean geratu ziren..

Hori gutxi balitz, David Garcia lesionatu egin zen, eskuin izterreko atzealdean gihar arazoekin. Osasunak Granadaren aurka jokatuko du Ligako hurrengo partida, igandean, arratsaldeko lauak eta laurdenetan, Los Carmenes futbol zelaian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!