Alberto Frias: "Goi-tentsioko lineak irregularrak, legez kanpokoak eta iruzurtiak ere izan daitezke"

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 6a, 13:51
Goi tentsioko linearen kontrako plataformak agerraldia egin du gaur Iruñean.

Sortu nahi dituzten goi tentsioko lineak, Forestaliarena batetik eta Espainiako Sare Elektrikoarena bestetik, ez dira bateragarriak herri eta bailaren etorkizunarekin. Hala uste du Goi Tentsioko Linearen Kontrako plataformak eta baita eragina zuzenean pairatuko luketen udaletako ordezkariek ere. Errekurtsoa jarriko diete planteamendu horiei, legez kanpokoak, irregularrak eta sinestezinak direlako. Alarma Gorria izeneko kanpaina ere abian jarriko dute informazioa, kontzientziazioa eta aldarrikapena helarazteko. 

Legez kanpokotzat jo dituzte goi tentsioko line biren proiektuak Ingurumen Ebaluazio Legea betetzen ez dutelako; irregularrak informazio eta parte hartzerik gabea delako: "Iruzurrean ere eror liteke, ebakuazio linea moduan tramitatzen ari direlako legea garraiobide linea den arren", azaldu du plataformako bozeramale Alberto Friasek.

Goi tentsioko linea horiek 24 herri eta eskualdetan izanen dute eragina, gutxienez. Errekurtsoa jarri dute eta kanpaina bat ere abiatuko dute. Alarma Gorria izenarekin, informazioa, kontzientziazioa eta mobilizazioa izanen dira ardatz nagusiak. Martxoaren 23an herri guztietan elkarretaratzeak eginen dituzte ikusarazi nahian proiektuaren kontrako jarrera dagoela. Apirilaren 27an Iruñera ekarriko dute protesta hori ekimen kultural aldarrikatzailean: herrietako egunerokotasuna islatuko dute Ohitura, kultura natura… Herriak bizirik goi tentsioko linearen gainetik leloarekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!