Trafikoaren eskumena erdiesteko Foru Hobekuntza aldatzeko prozesua abiatu du Nafarroako Gobernuak

Maialen Huarte Arano 2024ko ots. 22a, 09:49
Maria Txibite azalpenak ematen gaur osoko bilkura aretora sartu aurretik.

Maria Txibite presidenteak esan berri du "Foru Hobekuntza aldatuz" eskuratuko duela Nafarroak Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren eskumena. Auzitegi Gorenak errege dekretua bertan behera utzi ondoren, gobernua bi aukera aztertzen ari zen eskuduntza berreskuratzen saiatzeko: lege organiko bat egitea ala Foru Hobekuntza aldatzea. Azken horren aldeko apustua egin du, "ziurtasun gehien" ematen duelakoan. Horretarako, heldu den asteazkeneko gobernu bilkurara akordio proposamen bat eramanen dute Lorafnaren aldaketa bideratzeko eta jarraian horren berri emnen dio Espainiako Gobernuari.

Nafarroako Parlamentuan osoko bilkuran sartu aurretik Maria Txibitek iragarri du trafikoaren eskumena berreskuratzeko martxan jarriko duten prozedura: "Foru Hobekuntza aldatuko dugu". Horretarako, heldu den asteazkeneko gobernu bilerara akordio bat eramanen dute Lorafna aldatzeko eta Espainiako Gobernuari jakinaraziko diote. 

Gobernu akordio horretan negoziazio batzorde bat sortuko da. Bertan izanen diren hiru ordezkari Nafarroako Gobernuaren presidenteordeak izanen dira —Felix Taberna (PSN), Ana Ollo (Geroa Bai) eta Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa)— eta Presidentetzako zuzendari nagusi Joseba Asiainek (PSN).  Espainiako Gobernuarekin akordatu beharko dute zein testu erabiliko duten legezko aldaketa bat egiteko eta ondoren Gobernu bilkuran onartu beharko da. Nafarroako Kontseilura igorriko da gero eta berriz ere Gobernu bilkuran berretsi. Horren guztiaren ostean iritsiko da parlamentuko tramitazioa egiteko unea. Senatura ere iritsiko da lege organiko gisara eztabaidatzeko. Gerta daiteke PPk gehiengoa izanda gorte horretan betoa jartzea, baina Kongresura bidaliko lukete hala balitz eta bertan aurrera aterako litzateke. 

"Nafarroako autogobernua zabaltzeko borondatea du Gobernu honek", berretsi du Txibitek. Lehen unetik Espainiako Gobernuarekin harremanetan izan direla jakinarazi du eta bi aldeek borondatea erakutsi dutela "eskumena Nafarroara ekartzeko". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!