Nafarroan 96.000 herritar daude pobrezian

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 26a, 10:19
Edurne Redin, Idoia Meka eta Jon Etxeberria Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren Kontrako Sareko kideak atzoko prentsaurrekoan.

Nafarroan 96.000 herritar daude pobrezia arriskuan. Muturreko egoerak ere egon badaudela ohartarazi du Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareak. Hogeita hamar urte bete ditu sareak aurten eta urteotan bezala lanean segitzeko asmoa du egoera bideratu arte. "Onartezina da egun gurean oraindik ere etxerik gabeko jendea egotea, etxea berotu ezinik dauden bizilagunak edo jatekoa ordaintzeko ere arazoak dituena", esan du Gara Gonzalez sare horretako kideak. 

"Nafarroako Gobernuak politika transbertsalak aplikatu beharko lituzte egun gurean dauden pobre kopurua gutxienez erdira jaisteko; muturreko egoerak ezabatu beharko lituzke berehala", galdegin du Gara Gonzalezek Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareko kideak. 96.000 herritar daude pobrezian edo pobrezian erortzeko arriskuan eta gainera muturreko egoerak ere badira. "Egun enplegu bat izateak ez du ziurtatzen pobre ez izatea", jakinarazi du Gonzalezek. Gero eta zabalduago dago "langile pobreen" egoera. Duela hogeita hamar urte baino errazago zaie zenbaiti lanpostu baterako sarbidea, baina kalitate okerragoa dute eta soldata txikiagoak dituztela ohartarazi dute Pobreziaren Kontrako Saretik. 

"Etxebizitza bat izatea ere luxu bilakatu da azken urteotan. Garestitzea sekulakoa izan da", esan du Gonzalezek. Gero eta familia gehiago dira logela bakarrean bizi direnak: "Garai batean etxebizitza batengatik ordaintzen zenarekin orain logela bat baino ezin da ordaindu", salatu du. Nafarroako Gobernuari eskatu diote pobre kopurua "erdira gutxienez" murriztu beharko lukeela legealdi honetan eta muturreko pobrezia egoerekin amaitu: "Horretarako, politika transbertsalak jarri behar dituzte martxan", uste du Gonzalezek. 

30 urteko ibilbidea

1994. urtean sortu zen Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren Kontrako Nafarroako Sarea eta ordutik asko aldatu da gizartea bera. Beharrak ere zeharo desberdinak dira eta horretara ere egokitzen jakin behar da. "Garai batean ez bezala orain, baliabideak bideratzen dira administraziotik, baina iruditzen zaigu kudeaketa hobea egin daitekeela", azaldu du Gonzalezek. Entitateak ere asko aldatu dira urteotan: orain sendoagoak eta efizienteagoak direla iruditzen zaio: "Arazoa, baina, konplexuagoa ere bada eta etengabeko aldaketan dago".

Urteurrena ospatu eginen dute dena dela Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareko kideek. Urte osorako ekimenak prestatu dituzte: hitzaldiak eta mahai inguruak batez ere. 30 urte gizarte aldaketaren alde, goiburua erabiliko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!