Osasuna

Pena(ltia)

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urt. 18a, 07:26
Hernandez Hernandez epaileak ez zuen penaltirik adierazi Budimirren jokaldi honetan. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak zero eta bi galdu zuen Realaren aurka, atzo Sadarren jokaturiko Kopako final zortzirenetako kanporaketa, eta hartara lehiaketatik at geratu da.

Pena eta penaltia aliterazioak laburbil dezake bart gaueko norgehiagoka: pena, Osasuna Kopatik at geratu delako, partidu txukuna eginda. Eta penaltia, Hernandez Hernandez arbitroaren erabakiek guztiz baldintzatu zutelako kanporaketa.

Bigarren minutuan ez zuen argi ikusi Budimirri area barruan egin zioten falta; 57.ean, aldiz, klarki ikusi zuen penaltia eta txartel gorria, Catenaren sarrera batean, eta Oiartzabalek zero eta batekoa egin zuen. Gol aukera gutxiko norgehiagokan, erabakiok erabakigarriak suertatu ziren.

Edonola ere, Osasunak sendotasunez egin zion aurre Realari, bost jokalariz osaturiko defentsarekin, eta hamar gizonekin ere lan txukuna egin zuen. Aipagarriak bai Moncayolaren erakustaldi batez ere fisikoa, eta baita Arnaizen gatza eta piperra ere.

Horiek guztiak, baina, ez ziren aski izan. Luzapenean Realak bigarren gola egin zuen, beste penalti baten bidez. Gauzak horrela, gorritxoen hurrengo partidua ligakoa izanen da. Igandean, arratsaldeko ordu bietan, Getaferen aurka ariko dira, Sadarren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!