M28 udal eta foru hauteskundeak

Nafarroako Gobernua osatzeko akordioa lortu dute

Euskalerria Irratia 2023ko abu. 8a, 11:02

EH Bilduren abstentzioa edo baiezkoa behar du akordioak Txibiteren berrautaketa bermatzeko. Gobernuaren egitura eta funtzionamendu irizpideen xehetasunak gaur goizean finkatuko dituzte. 

Ikusmina handiko bilera egunaren ostean iritsi da akordioa. PSNek Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak arratsaldeko 17:00etan bilera hasi eta gaueko 22:00etan PSNren eskaintza onartu eta gobernua osatzeko akordioa lortu zuten. Alderdiek koalizioan gobernatuko dute Nafarroan, baina, oraindik ere, akordioak EH Bilduren abstentzioa edo baiezkoa behar du,Txibiteren berrautaketa bermatzeko.

Akordioa hauteskunde autonomikoak egin eta bi hilabetera iritsi da. Tartean uztailaren 23an hauteskunde orokorrak ospatu dira eta ordura arte ez diote negoziazioari ekin. Alderdi Sozialistaren hasierako proposamenak eskumenen murrizketa planteatzen zuen, baina Geroa Baik ez du onartu nahi izan. Joan den astera arte ez zen benetako lehen hurbilketa egin hainbat bileraren ostean eta akordio programatikoa oraindik zehaztu gabe zegoela.

Azkenean hautetsontzietan Geroa Baik eskuratutako ordezkaritza eta aurreko legegintzaldian izandakoa bermatzen du PSNren azken proposamenak. Hala ere, Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkosek azpimarratu duenez negoziazioetan indar guztiek eman behar izan dute amore hainbat puntutan, baina, batzuek besteek baino gehiago. Zurekin Nafarroako Begoña Alfarok ordea, akordioa "nahikoa" dela iragarri du une oro. 

Akordio programatikoaren xehetasunen eta hori betearazteko mekanismoen berri gaur eguerdian emanen dute, hitzarmenaren sinadura ekitaldian. Izan ere, gaur goizean berriz ere bilduko dira alderdiak behin betiko erabakia berrikusteko eta jendaurrean aurkezteko argi berdea emateko. Horrela, aste honen amaieran edo hurrengoaren hasieran egin daitekeen inbestidura prozesua desblokeatu da. Ikusteko dago inbestidura saioa aste honen amaieran ala datorrenaren hasieran izanen den. Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak erabaki dezake epeak azkartzea, baina horretarako talde guztiek aho batez hartu behar dute erabakia.

Gobernu osaketa

Organigramari dagokionez, PSNk zortzi kontseilari izanen ditu, Gero Baik lau eta Zurekin Nafarroak bat. Maria Txibite izanen da lehendakaria bigarrenez, eta kargua bi aldiz errepikatzen duen lehendabiziko emakumezkoa izango da. 

Alderdi sozialistak hamahiru kontseilaritzetatik zortzi izanen ditu: Presidentetza, Berdintasuna eta Administrazio Digitala; Barne Departamentua, Funtzio Publikoa eta Justizia; Lurralde Kohesioa; Hezkuntza; Eskubide Sozialak eta Enplegua; Ekonomia eta Ogasuna; Berrikuntza eta Unibertsitateak; eta Kultura, Kirola eta Turismoa. 

Gero Baik, aldiz, lehendakariordetza bat, senatari autonomikoa eta lau departamentu izanen ditu: Landa Garapena eta Ingurumena; Ekonomia eta Enpresa Garapena; Herritarrekiko Harremanak; eta aurreko legegintzaldian izandako Etxebizitzaren ordez, Osasunaren kudeaketaz arduratuko dira. Bide horretan, Zurekin Nafarroak, azkenik, Etxebizitza kudeatuko du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!