Nafarroa Oinez festa indartsu itzuli da Tafallara

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 17a, 07:45

Bi urteko parentesi pandemikoaren ondotik, milaka euskaltzalek parte hartu zuten atzo Garces de los Fayos ikastolak antolaturiko jaian. Antolatzaileek atzo bizi izandakoa “arrakasta handia” izan dela esan dute.

“Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu, arrakasta handia izan da”, adierazi zuen atzo ilunabarrean Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zuzendari Paula Arregik. “Asteburu osoan euskara arnastu da Tafallan”, gaineratu du. Milaka eta milaka lagunek egin zuten bi kilometroko ibilbide urbanoa, Sustrai, Kimmu, Hazi eta Zuhaitz guneak bisitatzeko. Azken horretan, milaka gaztek, eta ez horren gaztek, gozatu zituzten kontzertuak.

Festaren irekiera ekitaldian, ordezkaritza instituzional zabala izan zen. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollo, Jose Maria Aierdi eta Santos Indurain izan ziren bertan, baita Tafallako alkate Jesus Arrizubieta eta Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkari Sagrario Aleman ere.

Irekiera ekitaldian oholtzatik egindako hitzaldietan, aldarrikapen bat gailendu zen, Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidente Elena Zabaletak egindakoa: “Gurean euskarak aurrera egin dezan, ofiziala izan behar du Nafarroa osoan”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!