PAI programako irakasleak babestearen alde agertu da gobernua, Geroa Bairen kontrako botoekin

Euskalerria Irratia 2022ko api. 22a, 09:47

Geroa Bairen ustez lege-proposamena ez da plantilla egonkortzeko arazoaren konponbidea.

Nafarroako Gobernuak adostasuna adierazi du PAI programako irakasle funtzionarioen lanpostuak egonkortzeko neurriak ezartzen dituen PSNren Foru Lege proposamenaren inguruan, gobernu akordio bidez. Akordioaren testua Javier Remirezen Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Herrizaingo departamentuak bultzatu du, baina ez du Geroa Baiko kontseilarien aldeko botorik izan.

PSNren proposamenak administrazioko plantillan irakasleen lanpostuak sortzea aurreikusten du, eta lanpostuak sartzea eta betetzea arautzen du, atzerriko hizkuntzen maila jakin baten ezagutza egiaztatzea eskatuz, hizkuntza horiek ikasteko programak ematen diren ikastetxeetan funtzioak betetzeko. 

Geroa Bairen ustez, lege-proposamen hori ez da plantilla egonkortzeko arazoaren konponbidea, eta gogorarazi du beste legegintzaldi batzuetan zegoen aukera bat izan zela, baina atzera bota zela teknikari juridikoen irizpidearen arabera. Koalizioak azpimarratu du lege-proposamen hori ez dela akordio programatikoan jasotzen.

Azken mahai eta eledunen batzordean iragarri zuen Uxue Barkosek zalantzak dituztela gaiaren inguruan. Ahal Dugurekin batera segurtasun juridikoaz premiazko txostena eskatu diote Nafarroako Kontseiluari. 

LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuak ere kezkatuta agertu dira "segurtasun juridiko faltagatik". Sindikatuek uste dute legea diskriminatzailea izan daitekeela, eta bi irakasle mota sortuko lituzkela, edo bi sarbide mota hezkuntzara, lan berbera egiteko. 

Navarra Suma da alde agertu den alderdi bakarra momentuz.  PAI eredu bihurtzeko eskatu die sozialistei, eta atzoko akordioaren inguruan Geroa Baik esandakoa baliatu du, gobernuaren aurka egiteko. Harriduraz hartu dute gobernukide batek gobernu barruan gertatzen dena argitu izana. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!