Euskal literaturaren historia sobrenatural bat kontatuko du gaur Iruñean Irati Jimenezek

Euskalerria Irratia 2022ko api. 5a, 07:15

Irati JImenez idazlea Petti musikariarekin, artxiboko irudi batean.

Kondestablearen Jauregiak Euskal literaturaren historia sobrenatural bat izeneko ikuskizuna hartuko du gaur, apirilaren 5ean, asteartearekin, 19:30ean. Ikus-entzunezkoa Irati Jimenez idazle eta kazetariaren bidaia literario batean datza. Emanaldia Karrikiri Elkarteak eta Iruñako Udalak antolatu dute.

Testamendu Zaharrean, sugeak Ebari esandako hitzak abiapuntu hartuz idatzi du Irati Jimenezek bere azken lana, Begiak zabalduko zaizkizue izeneko saiakera literarioa, euskal literaturaren azterketa sakonaz gain, ariketa literarioa egiteko eta baloratzeko tresnak eskaintzen dituen lan mardula, narratibazko bere lanen estilo literarioan idatzitakoa. Eta urteetako ikerkuntza lana biltzen duen lan hori oinarri hartuta osatu du Euskal literaturaren historia sobrenatural bat izeneko ikuskizuna, gaur Kondestable Jauregian gozagai izanen dena.

Bideo-lanen eta musikaren laguntzarekin egindako proposamen eszeniko bat da, “abadeek idatzitako literatura pobre bat kontsideratu izan den hori askoz gauza interesgarriagoa dela erakusten duena, eta euskal literaturaren ozeano ilunean bidaiatzera gonbidatzen gaituena, gure literaturaren botereaz jabetu gaitezen eta orain arte ezezagunak zitzaizkigun lurraldeak deskubritzerakoan, bere edertasun hordigarriak liluratu gaitzan”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!