Gero eta gazteagoak dira ludopatia arazoak dituztenak

Euskalerria Irratia 2022ko api. 1a, 11:58

Aralar elkarteak 25+1 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko eta elkartea finantzatzeko kontzertua antolatu dute, Zentralen, hilaren 7an. Kutxi Romero, Alfredo eta Iker Piedrafita edota Loco Pirata ariko dira, akustikoan.

Aralar elkarteak 25+1 urte bete ditu; iaz bete zuen mende laurdena. Baina, "tamalez", diote "erakundea oraindik beharrezkoa da". Ludopatia duten 2.500 pertsona daude Nafarroan. Arriskuan, berriz, herritarren ehuneko 1,6: 6.800 pertsona. Datuek erakusten dute, gainera, ludopatiak gero eta pertsona gazteagoak kaltetzen dituela.

1.100 pertsona artatu ditu 25 urteetan elkarteak. Emakumeengan arreta jarri nahi dute, gizonekin alderatuta somatu baitute genero rolen eraginez, beranduago eta larriago jotzen dutela laguntza eske.

Azken urteetan nabarmenki aldatu da jokoaren eremua. 2016tik legezkoa da online jokoa. Eskuragarriagoa da, ordutegirik gabekoa. Joko aretoak areagotu dira. 2016an baino 26 gehiago, asko parke eta ikastetxeen ondoan eta kirolari lotutako jokoak asko zabaldu dira. Elkarteak uste du araudi zehatza behar duela gaiak. Jokoaren foru legea egiteko borondatea eskertu du elkarteak, baina ausardia eskatu die politikariei.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!