Raul Lopez (STEILAS): "Erlijioko irakasleak blindatu nahi dituzten bitartean, beste guztiok gurutziltzatuak gaude"

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 31a, 14:11

LOMLOEk ezarritako erlijio irakasgaiaren ordu jeitsieraren ondorioz erlijio irakasleak babesteko lege proposamena eztabaidatuko du Nafarroako Parlamentuak Navarra Sumak eta Geroa Baikek bat egin eta gero. STEILAS hezkuntza sindikatuak proposamena kritikatu du, erlijio irakasleak babesten diren bitartean besteen lan baldintzak okertu daitezkelako.

Nafarroako Parlamentura iritsi da gaia Navarra Suma taldearen eskutik. Proposamenak erlijioko irakasleek ikastetxean dituzten ikasgai honetako orduez gain, kontratu osoa lortu arte, hots, 26 saiora kontratua luzatzea jasotzen da, Raul Lopezek Euskalerra Irratian azaldu bezala, "Beste irakasleon kaltetan, ohiko ikasgaiak emanez bete nahi baitiete ordutegia".

"Nafarroan egun 145 langile dira artzapezpikutzak zuzenean hatzez proposatutako eta Nafarroako Gobernuak kontratatzen dituen irakasleak, beste guztiok arautzen gaituen kudeaketaren gardentasun eta arauetatik at. Bataiatua bazaude, “Eliz Egokitasun Adierazpena” eta “kristau bizitzaren doktrina eta testigantza zuzena” badituzu, “missio canonica” delakoa lortzen duzu eliza katolikoaren beraren eskutik, eta prest zara beste irakasle guztion gainetik zerrenda berezi hauetan jarduteko" salatu du STEILAS sindikatuko bozeramaleak,  "Edozein irakaslek bezainbeste puntu eta merezimendu lortzen dituzu, nahiz eta Bibliako pasarteak margotzen ari, bide batez, eskolatik at beharko lukeen doktrinatzea elikatuz".

Saio bitik batera pasatzearekin 116 langile izatera igaroko lirateke, Gobernuak emandako datuen arabera, baina hauei kontratua luzatzeak urtero 2,5 milioi euroko gastua suposatuko luke.

STEILAS-ek proposamenari Geroa Baik ematen dion babesa kritikatu du, "Azken ezusteko negargarria izan da jakitea Geroa Bai alderdia proposamen anker honi babesa emateko prest agertu dela, gaur egun erlijio irakasleak babestu beharra dagoela argudiatuz. Ahoa bete-bete esan ohi dute sarritan haien iritziz erlijioa eskolatik kanpo egon beharko litzatekeela, baina hurrengoan honelakoak babesten dituzte… batek ulertu!" adierazi du Lopezek.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!