Amiantoa kentzeko plana bete dadila eskatu dute

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 30a, 08:19

Atzoko elkarretaratzea, Justizia Auzitegiaren aitzinean (Argazkia: Haritz Pascual)

Nafarroako Amiantoaren Biktimei Laguntzeko Elkarteko (ADAVAN) eta Lizarrako AGNI enpresako amiantoak kaltetutakoen plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten atzo Justizia Jauregiaren aurrean; batetik, prozesu judizial batean dagoen lankide bati babesa adierazteko; eta, bestetik, Nafarroan Amiantoa Ezabatzeko Plan Zuzentzailea "aurrera eramatea" aldarrikatzeko.

Covid 19a dela eta, elkarteok bertan behera utzi zituzten amiantoarekin loturiko epaiketa bat izaten zen aldiro egiten zituzten elkarretaratzeak. Atzokoa etenaldi horren ondoko lehendabizikoa izan zen. Elkarretaratzeok "gizarte osoa eta, batez ere, parlamentuak eta administrazio publikoak amiantoaren arriskuaz kontzientziatzeko" egiten dituzte.

"Enpresek, bere garaian, material hori erabili zuten, kantzerigenoa baita eta bazekiten, baina oso moldakorra eta merkea da, eta ez zuten inolako eragozpenik izan segurtasun neurririk gabe erabiltzeko", kritikatu zuten. "Hori ez gertatzeko neurri guztiak jartzeko" eskatu zieten jarraian administrazio publikoei.

Era berean nabarmendu dute garrantzitsua dela Nafarroan Amiantoa Ezabatzeko Plan Zuzentzailea gauzatzea, betetzea; izan ere, "zerbait egin da, baina ez da martxan jarri", Estatu mailan "erreferentea" izanda.

Azpimarratu dutenez, pandemiak iraun bitartean "amiantoarekin harremana izan duten langileak ez dira aztertzen ari beharrezko maiztasunarekin", eta hori larritzat jo dute “gaixotasun horren diagnostiko goiztiarra oso garrantzitsua baita”.

 

Era berean, familiek prozesu judizialetara jotzen dutenean "basamortua zeharkatu behar dutela" kritikatu dute, "enpresek asetzeraino jotzen dutelako", eta horrela "prozesua amaitzea lortzen denean, lankide asko hil dira".


 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!