Lanuztearekin segitzea erabaki dute Hiru sindikatuko garraiolariek

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 28a, 07:33

Haien aburuz Espainiako gobernuarekin loturiko “ez da nahikoa” "garraio-enpresa handien interesak lehenesten dituelako".

Hiru sindikatuko garraiolari autonomoek "gehiengo zabal batez" erabaki dute greba babesten jarraitzea, garraioan “lan baldintza duinak" lortze aldera. Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Altsasun igande honetan egin den batzarrak “berretsi eta positiboki baloratu ditu euskal administrazioekiko harremanetan emandako aurrerapausoak". "Sektoreari laguntza emateko atea ireki da", nabarmendu dute.

Era berean, Espainiako Gobernuak eraturiko negoziazio batzordea kritikatu dute: “Lanuzte egun hauetan agerian geratu da garraiolari autonomoarekiko erabateko errespetu falta; izan ere, garraiolari autonomoa gelditzera eta muturreko egoera horretara iristera behartuta egon da, administrazio guztiek, baita Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek ere, urteetan ez diotelako arreta minimorik eskaini, eta erabateko utzikeriaz tratatu dutelako”.

Espainiako Gobernuaren eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalaren arteko akordioa "ez da nahikoa", Hiruren ustez, eta "beste behin ere garraio-enpresa handien interesak lehenesten ditu, garraiolari autonomoek bizi duten egoera txarraren errudun nagusietako bat baita, zuzeneko laguntzetan 400.000 euroko saria emanez enpresa bakoitzeko".

"Akordio horretan badira funtsezko zenbait puntu zehaztu ez direnak edo soilik pixka bat jorratu direnak, hala nola garraioaren azpikontratazioa edo garraio-zerbitzua kostuen azpitik egitea debekatzea”, agirian salatu dutenez. Jorratzeke geratu dira, halaber, “60 urterekin erretiroa hartzeko aldarrikapen historikoa eta sektoreko langileen gaixotasun profesionalak aitortzea bezalako funtsezko gaiak". Horrek, sindikatuarentzat, agerian uzten du "komiteak eta gobernuarekin solaskide diren ordezkari ofizialek ez dituztela garraiolari autonomoen interesak defendatzen". Hori dela eta, Hiruko garraiolariek "gutxieneko batzuk lortu arte geldirik jarraitzea" erabaki dute, "garraiolariek baldintza eskasetan eta kostuen azpitik lan egin ez dezaten".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!