Egoitzetako langileen protesta, patronalaren aitzinean

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 25a, 08:21

Egoitzetako langileen atzoko protesta (Argazkia: ELA).

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek mobilizazioak egin dituzte ostegun honetan Nafarroako zahar-etxeetan, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko dituen sektoreko lehen hitzarmenaren inguruko akordioa lortzeko asmoz.

Zehazki, sindikatuek elkarretaratzea egin dute Iruñean, patronalaren egoitzaren aurrean, laugarren greba egunean. "Ohi bezala, ezinezkoa izan da gure proposamenetan aurrera egitea, iazko maiatzetik hona egin ditugunetan", adierazi dute sindikatuek elkarretaratzean irakurri duten manifestuan.

Azken bilera martxoaren 17an izan zen, eta, sindikatuen arabera, "patronalak boikot egiten jarraitzen du negoziazioan, langileen lan-baldintzak hobetzeari uko egiten dio". "Ez dugu patronalak duen blokeoa onartuko, ez dugu inposatzen diguten negoziazioaren erritmoa onartuko; horregatik, laugarren greba-egun honetan gaude, patronalen onurak langile-klasearen bizkar mantentzea eragozteko, batez ere emakumeen bizkar, gu aritzen baikara gure adinekoak zaintzen inolako aitorpenik gabe", adierazi du.

"Gure erkidegoko 70 zentrotan baino gehiagotan banatutako 4.500 langile nafar baino gehiagorentzat bidezko lan-baldintzak lortu arte beharrezko presio-neurriak" erabiliko dituztela ziurtatu dute.

Sindikatuek honako hauek eskatzen dituzte: "Kalitatezko kontratazioak, soldata duinak eta arrazoizko lanaldiak dakartzaten kontratuekin; behin-behinekotasuna eta kontratu partzialak amaitzea; langile gehiago, gehiago eta hobeto zaintzeko; segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak; sektorean putre-funtsak mugatzea eta galaraztea; zerbitzuen kudeaketa publikoa eskatzea; sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa; eta ikuskapenak indartzea".

Lau sindikatuek adierazi dutenez, "lan duin batek bakarrik bermatuko ditu erabiltzaileentzako kalitatezko zerbitzuak". "Zaintzak gizarte osoa konprometitu behar du, kalitate oneko zaintza bermatuko duen sistema baten alde egin behar da, artatutako pertsonen eta artatzen dituzten langileen interesak patronalen interes ekonomikoen gainetik jarriko dituena", adierazi dute.


 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!