Izai Bujanda (ELA): “Ezin dugu onartu patronalek sektorea negozio iturri gisa ulertzen jarraitzea”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mar. 24a, 11:14

Laugarren greba eguna dute zahar etxe eta egoitzetako langileek. Negoziazioa eredu publikoaren eta pribatuaren arteko talka batean bilakatzen ari dela azaldu du Izai Bujanda ELAko zerbitzu publikoen federazioko arduradunak. 

Nafarroan 72 egoitza eta zahar etxe daude. Bi baino ez dira publikoak. Horietan 4.500 pertsona baino gehiagok egiten dute lan, ia denak emakumeak. Soldata baxuak dituzte, ordutegi luzeak eta ratioak handiegiak dira behar bezala artatzeko egoiliarrak. Hori aldatu nahi dute ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek sektoreko lehenengo hitzarmen duina ezarriz. 

Iazko maiatzean, duela 10 hilabete, sektoreko lehenengo lan hitzarmena negoziatzen hasi ziren  sindikatuak, patronalekin eta Nafarroako Gobernuarekin. Akordiorik ez dute lortu, momentuz. 
Presioa egiteko protestan ari dira langileak. Laugarren greba eguna dute gaur, eta hilaren 31an, hurrengo bileraren biharamunean, bosgarrena eginen dute. 

Aurrekoetan bezala, Nafarroako Gobernuak %100ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Gehiegizkoak direla salatu dute, eta egoera horretan langileei greba eskubidea mugatzen zaiela. Lares patronalaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea eginen dute eguerdian eta 18:00etan manifestazioa, autobus geltoki zaharretik abiatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!