Esnea bota dute Iruñean, prezio duina aldarrikatzeko

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 24a, 08:09
Argazkia: EHNE

Esne sektoreko hogei bat abeltzain nafarrek esnea bota zuten atzo Baluarte jauregiaren parean, prezio duina aldarrikatzeko eta sektorea “muturreko egoera” batera iritsi dela salatzeko. Abeltzainek pitxerrekin esnea plazan barreiatu dute.

Oier Villanueva Ultzamako abeltzain eta EHNE nekazaritza sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, ekoizpen kostuak handitzen ari dira eta datorren hilean ganadua elikatzeko erabiltzen duten zerealaren prezioa %25 garestituko da.

"Administrazioari ez diogu eskatzen diru-laguntzak emateko, eskatzen duguna gure produktuaren prezio duina da. Ez dugu diru-laguntzarik nahi. Behar duguna da produktuak dirua balio izatea, ez astakeria bat, ez dugu lagundu nahi dagoen inflazio honetan, oso handia izaten ari baita eta guztioi min egingo baitigu, baina gure produktuak dirua balio behar du", azaldu du Villanuevak.

EHNEko kideak adierazi duenez, "esne-sektorearen egoera aspaldidanik da gogorra". "Guri ordaintzen dizkiguten prezioak ez dira bidezkoak, eta ustiategiak urtez urte desagertzen ari dira, denok galeretan gaudelako", ziurtatu du.

Azaldu duenez, "pandemiaren ondoren zerealek eta gainerakoek igoera oso handia izan dute, eta orain denok ari gara dirua galtzen egunez egun". "Jendeak dirua inbertitzen duenean zerealetan inbertitzen du orain. Zer egiten du horrek? Lehengaien prezioak asko igotzea. Guk jaten ematen diegu behiei pentsuan, eta orduan asko igotzen da. Datorren hilerako %25eko igoera espero da. Egoera zorrotza zela alde batera utzita, bi urtera eta hamar urtera ez, baizik eta datorren hilerako aurreikuspenak dramatikoak dira ", adierazi du.


 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!