San Kristobal gotorlekuko hamabost presoren gorpuzkiak deshobiratu dituzte Berriozarren

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 22a, 08:37
Berriozarko hilerrian aurkitutako gorpuzkiak.
 
Hilerrian lanean jarraituko dute beheragoko geruzetan gorpuzki berriak aurkitzeko aukeraren aurrean.

Aranzadi Zientzia Elkartea martxoaren 9tik Berriozarko hilerrian egiten ari den deshobiratze lanen ondorioz, San Kristobal gotorlekuko hamabost presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte. Gorpuzkiak deshobiratzen hasi dituzte, eta lanean jarraituko dute, beheragoko geruza batean gorpuzki gehiago egotearen aukeraren aurrean. Indusketa teknikoki konplexua da, leku txiki batean aztarna asko baitaude. Hori dela eta, lanek hurrengo egunetan jarraituko dute.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria hilobitik ateratzeko lanetan izan da astelehen honetan, Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiarekin, Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariarekin eta Raul Maiza Berriozarko alkatearekin batera.

Memoria-elkarteetako ordezkariak eta Hezitzaileen Eskolako Gizarte eta Kultura Animazioko Goi Mailako hogei ikasle eta 2 irakasle izan dira Berriozarren. Haien aitzinean, kontseilariak berretsi du "Nafarroako Gobernuak 1936ko uztailean matxinatuek piztutako indarkeriaren biktimak bilatzeko, aurkitzeko eta lurpetik ateratzeko hartutako konpromisoa".

Era berean, Ollok azpimarratu du "oso garrantzitsua" dela "gizarteak, oro har, eta gazteek, bereziki, garai hartan bizi izandako izugarrikeriaz jabetzea”. Halaber, xede horrekin Memoriaren Nafarroako Institutua “Eskolak Memoriarekin" programarekin egiten ari den lana nabarmendu du. "Lau dira jada egun hauetan gorpuak lurpetik ateratzeko lanetan parte hartu duten ikastetxeak", gaineratu du.

Aurkitutako munizio-arrastoek pentsarazten dute gorpuzkiak 21 presorenak izan litezkeela, horietako batzuk anarkistak, eta kartzelatik ihes egiten saiatu izana egotzita hil zituztela, gobernuak jakitera eman duenez.

Informazio hori Txinparta-Fuerte de San Cristóbal elkarteak jaso zuen eta Aranzadiren aurretiazko txostenean sartu zen. Ez ziren horiek izan hilerri horretan lurperatutako preso bakarrak; izan ere, gaixotasunagatik hildako beste 26 preso ere leku horretan lurperatu zituzten 1942ra arte.

Exhumazio hori, Antsoainen egin berri den exhumazioarekin batera, Nafarroako Memoriaren Institutuak, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, 2022rako prestatu duen exhumazio planaren parte da. Memoriaren aldeko elkarteek lagundu duten planean, 23 prospekzio jasotzen dira gure geografiako hainbat lekutan, 1936ko kolpe militarraren biktima izan ziren 136 pertsonak biltzen dituzten hobiak aurkitzen jarraitzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!