MARTXOAK 8

Preso diren emakumeen zigor hirukoitza salatu du Sarek

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 8a, 07:47

Sakabanaketari, zigor soziala eta pertsonala ere gehitzen zaie euskal preso emakumeei. 27 dira une honetan, horietatik 16 sakabanatuta dira eta 4 bakarturik daude.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriarekin bat eginez eta martxoaren 8rako deituriko mobilizazio egunaren harira, Euskal Emakume Presoen egoeraren berri emateko deitu dugu gaurko mobilizazioa. Izan ere, emakume presoak izateagatik urte luzeetan are bakartuago eta are urrunduago egon izan dira, sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez. Egoera hau apur bat aldatu da azken hilabeteetan, izan ere, Espainiar estatuan preso diren euskal presoen gerturatzeek, bertan sakabanatuak ziren emakume presoen heren bat Euskal Herriko espetxeetan egotea ekarri du. Oraindik ordea, 16 emakumezko preso daude EHtik kanpo, 4 frantziar estatuan eta 12 espainiar estatuan. Horietatik 4 bakartuak, kiderik gabe.  

Salbuespeneko espetxe politikaren pean preso egoteak espetxealdia gogorrago egiten badu, emakumeen kasuan gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio. “Ez-leku” batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugilea izatea. “Emakume onak” birsortzeko fabrikak bilakatzen dira espetxeak, emakume presoak “ber-hezteko” erabiltzen dituzte. Emakumea sistema patriarkalaren arabera dagokion tokian jartzeko erabiltzen dituzte lan-eremuak, tailerrak, janzkera araudiak, sexualitatea bizitzeko mugak... kartzelan. 

Emakumeek, zigor hirukoitza pairatzen dute preso egoteagatik:

Zigor soziala: patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako. 

Zigor pertsonala: ”emakume txarra”-ren edota ama direnen kasuan “ama txarra”-ren epaia gehitzen baitzaio ezarritako zigorrari.  Zigor penala: aurrez adierazi moduan, emakumeentzako prestatuak ez dagoen sistema penalaren pean bete behar baitute kondena. 

Honetaz gain, Euskal emakume presoak, zigor gehigarria dute; salbuespeneko espetxe politika. Honen ondorioz, eta emakumeentzako izendatuta dauden espetxeen eskasia dela eta, euskal emakume presoen gerturatzea eta batzea gizonezkoena baino zailagoa da.  

Euskal Emakume Presoak Euskal Herritik bataz besteko 245km-tara daude eta  jasaten duten urruntzeari, esan bezala, bakartze egoera ere gehitu beharra dago.  Izan ere, 27 presotik 4 guztiz bakarrik daude kartzelan, kiderik gabe. Otsaileko  datuak kontuan harturik, 27 emakume horitatik 4 Estatu frantsesean aurkitzen  dira, 12 espainolean eta 11 bakarrik daude Euskal Herrian. 

Espetxeetan euskal presoek bizi duten salbuespen egoerari, masifikazioari, urruntze politikari, osasun arreta eskasari, isolamenduari, eta maiz jasan behar dituzten bortxa eta umiliazio tratuei, emakume izatearen konponente sexistak gehitzen zaizkio, zigor morala eta estigmatizazioa, edota mehatxu eta irainetatik  hasi eta emakumeentzako egokituta ez dagoen osasun zerbitzu eta espazioetararte. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!