245 denda itxiko dituzte urtebetean Iruñean, 665 Nafarroa osoan

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 8a, 07:41
Denda bat itxita, artxiboko irudi batean (Argazkia: Goiena).

Nafarroako merkatariek eta Denok Bat-ek inkesta bat argitaratu dute, elkartutako negozioen artean egindakoa, krisiaren eraginari eta sektorearen etorkizunari buruz.

Datu ez oso itxaropentsuak Iruñeko eta Nafarroako saltoki txikien etorkizunerako. Hiriburutik gertu dauden hamar negoziotik ia batek (%9,42k) uste du urtebeteko epean itxiko duela, hau da 245 dendak. Eta zifra hori %11,01era igotzen da Nafarroa Garai osorako, hau da, dauden 6.000 establezimenduetatik 665. Aurreikuspenak are okerragoak dira epe ertainean: Nafarroako hiriburuko establezimenduen %14,14k (368 inguru) uste dute ez dutela zabalik segituko hiru urte barru, eta datu hori erkidego osoaren %18,95era igotzen da, hau da, mila negozio baino gehiago.
Datuak Nafarroako Merkatariek Denok Bat Nafarroako merkatari elkarteen federazioarekin eta Iruñeko eta Nafarroako zonako merkatarien hainbat elkarterekin elkarlanean egindako ikerketa batetik datoz, eta koronabirusaren krisiak sektorean duen eragina neurtzeko bazkideen artean egindako inkesta baten bidez lortu dituzte.
2021. urteko egoera urtearen zati handi batean ikusita, eta olatuek –batez ere omikron aldaerak eragindako azken olatuarena– salmentei larriki eragiten zietelako, premiazkoa izan da jakitea merkataritza-jarduerak 2021ean izan duen bilakaera eta merkataritza-ehunak epe labur eta ertainean zer itxaropen dituen autonomia-erkidego osoan. Hala jakinarazi dute ohar baten bidez.

Nafarroako hiriburuko denda txikien etorkizuneko bideragarritasuna auzoka mugatzen du azterketak. Nafarroako Merkatarien eta Denok Bat elkartearen inkestaren arabera, Iruñeko Alde Zaharreko eta Zabalguneko 60 bat negozio (%5,68) urtebetean itxiko dira. Ehun pasatxok, %10,23k, uste dute negozioa hurrengo hiru urteetan itxiko dela. Datuek nabarmen egiten dute okerrera Nafarroako hiriburuko gainerako auzoetan: erdigunetik kanpo dauden 1.569 saltokietatik 198 (%12,62) urtebetean itxiko dira, eta 274 (%17,48) hurrengo hiru ekitaldietan. Sektoreka, elikadura, edariak eta tabakoarena izan da emaitzarik txarrenak izan dituena, urtebetean %16,95eko eta hiru urtera %23,73ko itxierarekin. Bigarren sektorerik kaltetuena ekipamendu pertsonalarena da (arropa, oinetakoak, osagarriak, bitxiak, optikak). Aurreikusitako itxieren ehunekoak %13,79 izango dira urtebeteko epean eta %20,69 hiru urteko epean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!