Atzo zendu zen Bixente Serrano Izko politikari, idazle eta historialaria. Metropoli Forala saioan haren figurari buru mintzatu gara politikan bidaide izan zuen Geroa Baiko senatari Koldo Martinezekin, literatur lanetan editore izan zuen Pamiela Etxeko Pello Eltzabururekin, eta historia kontuetan ikasle lehendabizi eta lankide gero izan zuen Geronimo de Uztaritz Historia Instituko presidente Nerea Perez Ibarrolarekin.
Euskalerria Irratiaren lagun baten ahotsa betiko isildu da: Bixente Serrano Izkok azken hatsa eman zuen atzo Nafarroako Ospitale Gunean, ebakuntza baten ondotik. Denok bat datoz: gizon jakintsu, apal eta handia izan da, Eltzabururen hitzetan, “gure herrian, eta batez ere Nafarroan, arrasto handia” utzi duena.
Horren adierazgarri, sare sozialetan pilatu diren haren omenezko mezuak, tartean, koaliziokideenak zein bestelako indar politikoetako ordezkarienak. Besteak beste, Geroa Baiko Maria Solanak, Javier Remirez lehendakariorde sozialistak, Joseba Asiron alkate ohi abertzaleak eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kide historikoak diosala egin diote Twitterren.
Bixente Serrano Izko, abertzalea, euskaltzalea, historiazalea, militantea eta pertsona ona zendu da. Harenak irriak, gogora ekartzen nionean pegatina hau izan zela bularrean itsatsita eraman nuen lehenengoa. pic.twitter.com/GFGG5JKwjw
— Gaizka Aranguren Urrotz (@gaizkaranguren) June 4, 2020
Serrano Izkoren lagun eta lankide Fernan Mendiola izan dugu bidelagun Metropoli Foralean, haren inguruko iritziak biltzeko tenorean. Mendiolak azpimarratu du Bixentek diosal horiek guztiak jaso dituela, “kritika politikoa egiteko orduan oso zorrotza izan zen arren”. Jarraian, gertutik ezagutu zutenek hari buruz hitzez hitz esan dizkigutenak:
Koldo Martinez (Geroa Baiko koaliziokidea)
“Bixentiko, txikia tamainaz baina erraldoia gainontzeko guztietan. Euskaltzale porrokatua, justizia eta askatasunen aldeko militante sutsua, pentsalari sakona, idazle ona, historialari eta era berean historiagilea, irakaslea, ezagutu dudan pertsonarik apalena oso jakintsua izan arren, Geroa Baiko diputatua eta batez ere bihotzeko laguna. Zaila, benetan zaila izanen zaigu gurekin ez izatea”.
Pello Eltzaburu (Pamiela Etxeko editorea)
“Pamielako egile, kolaboratzaile eta laguna. Asko esan da, eta esango da datozen egun eta asteetan, Bixentek gure herrian, bereziki Nafarroan, utzi duen arrastoaz. Nik orain gogora ekarri nahi dut Bixente idazle eta pentsalaria. Bixenteren elkarlana Pamielarekin luzea da, aspalditik dator, 1987an bere Onkoteak narrazio liburua argitaratu zuenetik. Geroztik ondoan izan dugu aholkulari moduan, epaimahaikide moduan Juan Zelaia sarian, eta idazle bezala. Argitaratu izan diogu Jauzika aforismoen liburua edo hainbat saio labur: Beldurra bera zaldi, Bakezale gerlari horiek eta azkenik zoritxarrez berak kalean ikusi ez duen liburua, Ene iratxoekin solasean. Benetako harribitxi bat , gogoeta bilduma bat da liburua, politikaz, ekonomiaz, gizarteaz, filosofiaz, etikaz, historiaz, literaturaz, kultura, euskara, giza jokamoldeaz eta hainbat gauzaz iritzia ematen duena bere apaltasun eta dotoreziaz. Faltan botako zaitugu, Bixente. Betira arte, bihotzeko lagun”.
Nerea Perez Ibarrola (haren ikasle ohia eta Geronimo de Uztaritz Institutuko presidentea)
Irakasle izan nuen institutuan, historia ikasiko nuela jakin baina historialaria izanen nintzela ez nekienean. Oso ongi gogoratzen ditut bere klaseak, zelako pasioarekin hitz egiten zuen historiaz, Nafarroako historiaz bereziki. Oso ongi gogoratzen dut lehendabizikoz bere historia bere ahotik entzun nuenean. Orduan konturatu nintzen Bixente ez zela soilik historia irakaslea, historia horren beraren parte zen ere. Orduz geroztik behin baino gehiagotan elkartu izan gara historia eta historialarien munduan. Jada historialari bezala, elkarrizketatzeko, bere historia jasotzeko eta memoria gordetzeko aukera izan nuen. Publikoan ikusi nuen nire tesian oinarritutako liburua aurkeztu nuenean. Beti gogoratuko ditut ondotik hari buruz idatzi zituen hitz ederrak. Zalantzarik gabe, irakasle handia eta historialari handia”.