Navarplumako langileek hamabi egun beteko dituzte greban

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 12a, 08:05

Otsailaren 1ean hasi zuten greba Navarplumako langileek: murrizketak salatzen ari dira eta inposatutako lan-ordutegiaren kontra egiten ari dira. 

Nafarroako Ehungintzaren hitzarmena nahi dute Navarpluma enpresako langileentzat. Greban daude otsailaren 1az geroztik murrizketak ezarri dizkietelako eta inposatu egin dietelako lan-ordutegia. ELA sindikatuak ditu hiru ordezkari enpresa horretan eta lan baldintzak arautzea eta hobetzea eskatzen ari dira. Ahatearen lumak eraldatzen dituzte ehunak sortzeko. "Navarplumako langileei soldatak gutxitu egin dizkiete (bataz beste 400 euro hilero). Norbanakoei eskatutako sinadurez baliatu da enpresa, mehatxupean eta behartzearen bidez lortuak", salatu du ELA sindikatuak. 

Tailerrean aritzen diren langileen zaurgarritasunaz baliatu da enpresa eurekin nahi dutena egiteko, gaineratu dute. Asko etorkinak dira eta beldur dira euren lanpostua galduko ote duten. "Lan jardun amaiezinak dituzte, lan-ordutegia enpresaren beharren arabera egin dute, prekarietatea erabatekoa da eta segurtasun neurriak ere ez dira nahikoak", salatu du ELAk. 

Hamabigarren eguna dute gaurkoa greban. Egunotan produkzioa gelditzea lortu dute langileek. Gaur parlamentuan izanen dute lan-saioa euren egoeraren berri emateko alderdietako ordezkariei eta ordu berean, 15:30ean, protesta eginen dute Sarasate pasealekuan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!