Compains: "Milaka torturatu egon dira baimentzen zuen sistema oso bat eraiki delako"

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 18a, 13:40
Argazkia: Eneko Compains, Nafarroako parlamentuan egindako agerraldi batean.

Auzitegi Konstituzionalak hala aginduta, gaur deklaratu du Eneko Compainsek; 2010ean atxilotu zuten, beste bost lagunekin batera, eta torturak salatu zituen. Zazpi urte pasa dira horrez geroztik.

"Euskal Herrian milaka tortura kasu egon dira, ez kontrolik gabeko lau guardia zibilek hala izan nahi dutelako, baizik eta hori baimentzen zuen sistema oso bat eraiki delako" esan du Eneko Compainsek Iruñeko Auzitegira sartu aurretik. 2010ko irailean hartu zuten atxilo, beste bost kiderekin batera, eta 7 urteotan ez du epaile aurrean deklaratzeko aukerarik izan.

Auzitegi Konstituzionalak agindu du haren auzia berriz ikertzeko, Compainsen irudiko, "Estrasburgotik eman dizkioten zapaztekoak aintzat hartuta". Atzo auzi medikuak hitz egin zuen epaile aurrean; Compainsen txanda izan da gaur; baina, dena dela, oraindik ikusteke dago ahozko epaiketa izanen den ala ez. 

Auzitegiengan "konfiantza eskasa" duela adierazi du, ez, ordea, herritarrengan: "Itxaropentsu nago, baina itxaropena daukat herriarengan, torturaren aurka konpromisoak hartu dituzten herritarrenagan". 

Nafarroako Gobernuari begira 

Atxilotu zutenean Donostian zegoenez, Paco Etxeberriak ikertu du Compainsen tortura kasua, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, beste hainbat kasurekin egin duen gisan. EAEko bidea izan du hizpide gaur Compainsek eta eskaera zuzena egin dio Nafarroako Gobernuarri, "azterketa sakona" egin dezan, "torturak Nafarroan izan duen eragin erreala ezagutzeko; tortura itzaletik argira ekartzeko".

Gainontzeko biktimen gisakoak

Auzitegi parean, elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek 5.657 torturatu. Inpunitaterik ez lelopean. Txalo zaparrada jasota sartu da Compains epaile aurrean deklaratzera. "Torturatuok biktimak gara; besteei zor zaiena zor zaigu: aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea", esan du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!