Gela bakarrean bizi diren familiei buruzko mahai ingurua antolatu dute

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 15a, 12:52

Iruñeko Udalak eta Etxekaleratzeen Kontrako Plataformak bizitoki duinik ez duten horien errealitatea ikusarazi nahi dute, gela bakarrean bizi direnena: seme-alabak beren gain dauzkaten emakumeak dira denak.

Familia batzuek gela bat dute bizitoki, logela bakar bat, sukaldea eta egongela ere badena. Iruñeko Udalak eta Etxekaleratzeen Kontrako Plataformak bizitoki duinik ez duten horien errealitatea ikusarazi nahi dute, eta horregatik, logela bakarrean bizi direnen inguruan erakusketa bat eta hitzaldi bat prestatu dituzte.

Logela bat ez da etxe bat erakusketa atondu du Ivan Benitez argazkilariak, hamasei irudirekin, Plataformaren kanpaina zabalago baten karietara egindako lana da; gaur jarri eta ekainaren 3ra arte izanen da ikusgai, hasieran Kondestablen eta, gero, Sanduzelaiko Civivoxean. Bertan argi eta garbi ikusten da errealitatea: gela bakarrean bizi direnak, familia beren gain hartuta, emakumeak dira: den-denak. Feminizatutako arazoa da zaintza lanak bizkar izanda etxerik ez izatearena. Laura Berro berdintasun zinegotziak azaldu du "heteropatriarkatuaren beste aurpegietako bat" dela muturreko errealitate hori.

Etxe Kaleratzeen Kontrako Plataformako kide Maria Equizak azaldu du egoeraren gordina. Plataformak egoera horretan dauden 70 emakume zenbatu ditu, horiek, haatik, "izozmendiaren gailurra baizik ez dira". Horren aurrean, konponbidea, zein: "etxebizitza duina lortzea".

Mahai ingurua, lehen pertsonan

Gela bakarrean bizi direnek etxebizitza eskubidea bermatuta ez dutela azpimarratu dute. Bizitegi bazterketa "familiaren arduratzat" hartua izan da, "ardura publikoa" dela ahantzita eta hori salatu nahi izan dute gaur. Hain zuzen ere, ildo berean atonduko dute asteazkeneko mahai ingurua. Luisa Jusue gizarte langileak, Ruth Iturbide ikertzaileak eta Philomena Ebere gela bakarrean bizi den emakumeak hartuko dute parte. Kondestablen izanen da, asteazkenean 19:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!