Nafarroan 3.052 aldiz ezarri dute Mozal Legea

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 15a, 08:58
Argazkia: Eleak-Libre eta EHEko kideak, Mozal Legearen aurkako agerraldia.

Eleak-Libre Mugimenduko kideek eta EHEko hiru isunduek legea ez ezartzeko eskatu diote Nafarroako gobernuari. Horrez gainera, Mozal Legeari segika isunduak direnentzat protokoloa jarri dute martxan.

3.052 laguni ezarri diete Mozal Legea Nafarroan, 2015eko ekainetik 2016ko abendura arte; eskubide zibil eta politikoei zuzenean eragiten dieten hiru artikuluak medio, 289 isun izan dira, Poliziari "desobedientzia egitea", segurtasun indarrei "irain egitea" eta eremu publikoan "desordena sortzea" leporatuta. 

Horregatik, Mozal Legea ez ezartzeko exijitu diote Nafarroako Gobernuari Eleak-Libreko partaideek eta ofizialtasuna eskatzeko kateatu ziren EHEko kideek. Horretaz aparte, Nafarroako eta EAEko legebiltzarrei legearen aurkako konpromisoa eskatu diete: hitz hartzeak egin nahi dituzte, bai eta bi erakundeek legearen kontrako aurkakotasuna berrestea ere.

"Euskal Herrian, hamarkadak daramatzagu eskubide zibil eta politikoen urraketa egiturazkoa bizitzen. 'Demokrazian', frankismotik eratorritako salbuespen arkitekturaren zutabe oso garrantzitsuek zutik iraun zuten. 90.hamarkadaren hondarrean eta bereziki 2001etik aurrera, eraikina zaharberritu eta zutabe berriak eraiki ziren, hala nola alderdien legea, mugimendu herritarren legez kanporatzea eta komunikabideen itxierak, mobilizazioen debekuen eta iritzi delituen biderkatzea eta abar", salatu dute. 

Posta helbidea, martxan

Mozal Legea aplikatuz gero, aholkularitza juridikoa emateko emaila jarri dute martxan, mozalikez@riseup.net helbidera idatzita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!