Ikertu eginen dute Ultzamako biogas planta, Kontuen Ganberak irregulartasunak ikusi eta kasua zuzenean Fiskaltzari bidali ostean. Lauko gobernuko kideek proposatu zuten parlamentuan atzo eta PSNren botoekin, aurrera egin du egitasmoak; abstenitu den bakarra: UPN.
Kontu eske
"Ardura politikoak" argitzea. Horixe du xede EH Bilduk, Adolfo Araiz parlamentariak esan duenez, planta "abandonatuta" dagoela eta inguruko 24 ustiapenek "konponbiderik gabe" segitzen dutela azpimarratuta.
"Horren kudeaketa txarra gainditzea zaila da", kritikatu du Geroa Baiko kide Unai Uhaldek eta "UPNk izandako jarrera" gaitzetsi.
Ahal Duguko Carlos Cousok "iruzur masiboa" izan dela eta "arduragabekeria absolutua" hartu du gogoan.
PSNk ere azpimarratu du "guztiz konprometitua" dagoela ikerketa batzordearekin eta "zehaztasuna" galdegin du, "egindako akatsak denen artean aurkitu eta ardura politikoak ateratzeko".