22 urtez egon zen mekanismoa hori indarrean eta talde guztiek kobratu zuten horri jarraiki. Horregatik, Barcinak eta Mayak zein ardura izan zuten jakin nahi du Geroa Baik: lehenengoak, martxan jarri zuelako eta bigarrenak, jarraikortasuna eman ziolako.
Auzia “aldaketaren kontra” jotzeko erreminta dela ziurtatu du Unai Uhalde Geroa Baiko kideak; haren ustetan, gainera, ez da kasualitatea orain haizatu izana: UAGNren eta Ultzamako biogas plantaren auziak UPNko politikariak zipriztintzen ari diren bitartean.
Justisia et Veritas taldeak jarri zuen Uxue Barkosen kontrako salaketa, 2015ean, noiz eta hauteskunde kanpaina martxan zela. Orain arteko auzitegi guztiek, baina, atzera bota dute eskaria: Nafaroako Fiskaltzak, Gorenak, Kontuen Ganberak eta Arartekoak.
Prentsan azaldutako datuak ere gaizki daude: eskuinaren hedabideek Barkosek dietetan 200.000 euro kobratu zituela hauspotu dute, haatik, Nafarroa Bai eta Nafarroa Bai 2011 taldeek guztira kobratutako dietak dira horiek. Aipatzekoa, udal talde guztiek jasotzen zituztela dietak.
Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentaria zorrotz mintzatu da eta UPNko buru Javier Esparzari leporatu dio “zarata egin nahi izatea”, Ultzamako eta UAGNko irregulartasunak estali nahian: aldaketa suntsitu nahi izatea egotzi dio, halaber.