Biogas planaren kontuak “oso gaizki” usaintzen duela esan du Koldo Martinez Geroa Baiko kideak eta Comptosek egindako txostena "birrintzailea" dela. Matazaren hari beratik tiraka aritu da EH Bilduko kide Adolfo Araiz: diru publikoa nola erabili zen aztertu behar delakoan dago.
UPN zegoen agintean Ultzamako plantaren gorabeherak hasi ziren garaian, dena dela, Ikerketa Batzorde baten beharra ezbaian jarri du Carlos Garcia Adanerok. "Aurrena ondorioak pentsatu" eta gero ikerketa batzordeak eratzen direla salatu du Adanerok.
Gainontzeko taldeek zuzenki so egiten diote UPNri, izandako ardura argitu dezan.
Diru publikoz hornitua
Orain dela bi aste, Kontuen Ganberak txostena kaleratu zuen irregulartasunak daudela salatuz eta kasua zuzenean Fiskaltzari pasa dio -3'2 milioi euro diru publiko xahutu ditu instalazioak-.
Agrupacion Ultzama udalean eta UPN gobernuan zela izan zen kudeaketa txarra. Horregatik, egungo UPNko zuzendaritzako kide eta orduko Ultzamako alkate Patxi Perezen kargugabetzea eskatu du EH Bilduk eta erregionalisten buru Javier Esparzak ere "ardura politikoa" daukala salatu. “Ostrukarena egitea” leporatu diote, eskapo egiten ahalegintzea.