Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bi titulu bereki berri eskainiko ditu 2017/2018 ikasturtean, gradu jakin batzuetako ikasleentzat eta profesionalentzat: Espezializazio Diploma Sexu Hezkuntzan eta Unibertsitateko Aditua Agroekologian eta Landa Garapenean. Lehenengoa Erizaintzako, Irakasletzako eta Gizarte Laneko graduetan ikasten duten eta 60 eta 90 kreditu artean gainditu dituzten ikasleei dago zuzendua; bigarrena, berriz, ikasleei oro har, bereziki NIGMETen (Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan) graduak egiten ari direnei, hots, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduko eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako graduko ikasleei.
Tituluak Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen ditu, eta datorren ikasturteko bigarren seihilekotik aurrera eskainiko dira, 2018an, alegia. Espezializazio Diploma Sexu Hezkuntzan (30 kreditu) bi txandatan egingo da, bata graduko ikasleentzat eta bestea profesionalentzat, eta, Agroekologiaren kasuan (16 kreditu, eta banan-banan egin daitezkeen moduluz osatua dago), txanda bakarrean. Kasu bietan, ekainaren 30a arte dago aukera izena emateko, Unibertsitatearen webgunean.
Bi titulu berekien xehetasunak
Espezializazio Diploma Sexu Hezkuntzan tituluak modulu hauek izango ditu: sexualitatearen azterketarako sarrera, sexualitateko oinarrizko gaiak, harreman afektibo-sexualak, sexu-osasunaren sustapena eta arriskuen prebentzioa, sexu-hezkuntza, zeharkako alderdiak eta alderdi orokorrak, eta ikasketen amaierako lan bat, zentro berezituetan praktikak egiteaz gain. Irakaskuntza-zuzendaritzaren arduraduna Roberto Aguado Jiménez NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa da, eta koordinatzaileak, berriz, Esther Cremaes (Osasunbidea) eta Montse Velasco (Nafarroako Gobernuaren Osasun Publikoaren Institutua).
Unibertsitateko Aditua Agroekologian eta Landa Garapenean tituluaren eskaintza, bestalde, modulu hauez osatuta dago: agroekologiarako sarrera, nekazaritzako ekoizpen-sistema ekologikoen diseinua eta kudeaketa, nekazaritzako elikagai ekologikoen transformazioa, produktu ekologikoen merkaturatzea eta landa-garapena. Alberto Enrique Martín NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea arduratzen da irakaskuntza-zuzendaritzaz.
Azken bi titulu bereki horiek graduarekin lotuta egin daitezke, eta gogorarazi beharra dago duela gutxi iragarri zela Espezializazio Diploma Bideojokoen eta Errealitate Birtualeko Aplikazioen Garapenean titulua ere, Informatika Ingeniaritzako graduko ikasleei zuzendua.