Abenduaren 14an, zonifikazioa ahalbidetu duen Euskararen Legeak 30 urte bete zituen egunaren bezperan, Nafarroako Parlamentuan kateatu ziren EHEko hiru kide, ofizialtasunaren alde. Foruzaingoaren txostena ardatz, Mozal Legea ezarri zieten eta 900 euro ordainarazi.
Horregatik, itxialdia egin zuten herenegun Euskarabidean, isunak salatu eta ofizialtasunaren defentsa egiteko. Ana Ollorekin bildu ziren eta adierazpen instituzional proposamena luzatu zioten, parlamentuan onartua izan dadin.
Bi puntu dauzka deklarazio proposamenak: bat, "abenduaren 14an euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz parlamentuan protesta egin zuten hiru pertsonei babesa adierazten diegu, eta hauei jarritako isunak indargabetu ditzan eskatzen diogu espainiar gobernuari"; eta bi, "eskubide urraketen ondorioz eman daitezkeen aldarrikapen ekintza desobedienteen aurrean ez dugu Mozal legearen aplikapena ekar lezakeen ekinbiderik aurrera eramango".
Isunak kentzeko eskaria
Kontseilariak jakinarazi zien Nafarroako Gobernuak ez duela eskumenik isun horiek kentzeko, Espainiako Gobernuaren delegaritzaren izenean daudelako eta Exekutiboa "hainbatetan" azaldu dela Mozal Legearen aurka.
Erantzun egin diote EHEko ekintzaileek: "Nafar Gobernuak ez du arazorik Mozal legeari bide emateko, baina bai aldiz honek sortzen dituen kalteak bere horretan uzteko", esan dute prentsa ohar baten bidez. Gaineratu dute euskaldunak "bitan" direla "kaltetu": "Euskaldunok bi aldiz gara kaltetu: euskaldun gisa bizi ezinagatik eta egoera hau salatzeagatik zigortzen gaituztelako".
"Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen lege berri baten alde" lanean segiko dutela esan dute hiru isunduek.