Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko eta Mozal Legea aplikatuta ezarri dizkieten isunak salatzeko, Euskarabidean itxialdia egiten ari dira EHEko hiru kide. Abenduaren 14ean, zonifikazioa ahalbidetu duen Euskararen Legeak 30 urte bete zituen egunaren bezperan, Nafarroako Parlamentuan kateatu ziren, ofizialtasunaren alde. Foruzaingoaren txostenean oinarriztuz, Mozal Legea ezarri zieten eta 900 euro ordainarazi.
Horregatik, atzo, Ofizialtasunari ateak ireki, Mozal legeari ateak itxi lelopean protesta egin zuten Euskarabidearen aurrean eta bertan pasa dute gaua. Itxialdian parte hartzen ari den Nestor Estebanek Twitter bidez zabaldu duenez, lau bilera izan dituzte jada eta gaur dira Ana Ollo kontseilariarekin biltzekoak.
"Euskarak isunak baino, neurri eraginkorrak behar ditu. Benetan ofizialtasunari ateak irekitzeko garaia da eta, neurri berean, Mozal Legeari ateak ixtekoa", esan du Gorka Iriarte EHEko kide eta itxialdiko parte hartzaileak, Ahotsa.info-ri eskainitako elkarrizketan.
Isunei "konponbiderik" eman arte alde eginen ez dutela esan dute itxialdian parte hartzen ari direnek. "Ulertzen dugu hizkuntza publikoaren ardura duten heinean -Nafarroako Gobernuko kideek-, guk jaso dugun isun horren ardura ere badutela", adierazi du Iriartek.
#OfizialtasunariAteakIreki eta #MozalLegeariAteakItxi traolak zabaldu dituzte sare sozialetan. Itxialdian dauden bi lagun gertatzen denaren berri ematen ari dira.
Atzo 4 bilera izan eta gero, bosgarrenaren zain. Ana Ollo kontseilariaren zain.#OfizialtasunariAteakIreki#MozalLegeariAteakItxi@E_H_E
— Nestor Esteban (@NEScaloni) 4 de maig de 2017
Egunon! EHEko 3 kideek @euskarabidea_na-n itxita jarraitzen dute gaua bertan igaro ondoren#OfizialtasunariAteakIreki#MozalLegeariAteakItxi
— EuskalHerrianEuskarz (@E_H_E) 4 de maig de 2017
.@E_H_E Euskarabideko zuzendaria 14:00etan etorriko da gurekin biltzera. Itxoingo dugu. https://t.co/53W4eYOLFl pic.twitter.com/uBC5RZDcRL
— Gorka Iriarte (@Ertxolegi) 3 de maig de 2017