Ultzamako biogas planta ikertzeko batzordea eskatu du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 4a, 08:11

Argazkia: EH Bilduko Arantxa Martinez (Ultzamako alkatea) eta Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentaria. / @EHBilduNafarroa

UPNko zuzendaritzako kide eta Ultzamako alkate ohi Patxi Perez kargugabetzeko exijitu du EH Bilduk. Javier Esparza UPNko buruak Perez babestu zuela eta "ardura politikoa" daukala salatu du Adolfo Araizek (EH Bildu).

“Ardura politikoak” daude Ultzamako biogas instalazioan, “irregulartasun larriak”, Adolfo Araiz, EH Bilduko politikariaren hitzetan. Ostiralean, Kontuen Ganberak txostena kaleratu zuen irregulartasunak daudela salatuz eta kasua zuzenean Fiskaltzari pasa dio -3'2 milioi euro diru publiko xahutu ditu instalazioak-.“Biogas plantaren istorioa kudeaketa arduragabearen kronika txarra da, gabeziz eta hanka sartzez betea, hasiera hasieratik”, Araizek azpimarratu duenez.

Agrupacion Ultzama udalean eta UPN gobernuan zela izan zen kudeaketa txarra. Horregatik, egungo UPNko zuzendaritzako kide eta orduko Ultzamako alkate Patxi Perezen kargugabetzea eskatu du EH Bilduk eta erregionalisten buru Javier Esparzak ere "ardura politikoa" daukala salatu. “Ostrukarena egitea” leporatu diote, eskapo egiten ahalegintzea.

Ekimen juridikoak abian

Kontuen Ganberak garatutako txostena “argitzailea eta bereziki larria” dela esan du EH Bilduk, baita politikari batzuen "arduragabekeria eta ilegaltasunak" agerian utzi dituela ere.

Orain, EH Bilduren esku dago alkatetza eta lanean ari da, UPNren "herentzia pozoitsuak" ahalik eta kalte gutxien egin diezaien Ultzamako herritarrei, Araizek azaldu duenez. Halaber, ekimen juridikoak abiatzea ere aztertuko du udalak.

Ultzamako alkate Arantxa Martinezek esplikatu du plantak sortutako zorra ordaindu behar izatekotan, udalak porrot eginen lukeela. Horregatik, Nafarroako Gobernuko Departamentuekin solas egiten ahaleginduko da, irtenbideren bat bilatzeko asmoz.

Agrupacion Ultzama kexu

Agrupacion Ultzamak ere haren irakurketa egin du: Comptos Ganberak esandakoarekin "bat ere ados" ez dagoela esanez. Haren hitzetan, udalean zeudela ez zuten "inongo deliturik" egin. Nolanahi ere, Fiskaltzak Ultzamako planta ikertu bitartean, deklaraziorik ez dutela eginen esan dute.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!