Inoizko Lanbide Heziketa eskaintzarik zabalena, 2017-2018 ikasturterako

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 2a, 08:46
Maria Solana Hezkuntza Kontseilaria.

14 maila ertaineko eta goi mailako ikasketa berri izango ditu datorren ikasturterako eskaintzak.

Maria Solana Kontseilariak prentsaurrekoan aurkeztu du gaur 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketak egingo duen eskaintza. “Anbizio handiko eskaintza, estrategikoa eta anitza”, azpimarratu du Kontseilariak. 14 maila ertaineko eta goi mailako ikasketa berri izango ditu datorren ikasturterako eskaintzak. Izan ere, Lanbide Heziketaren eskaintza %6,5 gehituko du Departamenduak, “Nafarroan egon den inoizko gehikuntzarik handiena”.

Solana kontseilariak azpimarratu duenez, gainera, “euskaraz egingo den Lanbide Heziketa zikloen eskaintzari dagokionez, gradu ertainetan %6 haziko da eskaintza; goi mailako graduetan, berriz, bikoiztu egingo dugu euskarazko eskaintza (%7ra iritsiko gara)”.

Ez da ahaztu behar, Lanbide Heziketa “Nafarroako Espezializazio Adimentsua S3 Estrategiarekin” lerratuz, sektore sozio-ekonomikoan esanguratsuak diren 4 arlotan sakontzeko zikloak eskainiko dituela: automozioan, osasunean, turismoan eta baita industria sortzaile eta digitaletan ere.

Lanbide Heziketaren eskaintza berri eta zabal honek, Lanbide Heziketarako Plan Estrategikoaren barruan ulertu behar da, “Nafarroako 60 eragile ekonomiko-sozial baino gehiagorekin elkarlanean osatzen ari den plana”, Hezkuntzako zuzendari orokor Roberto Perezek adierazi duenez. Izan ere , plana Nafarroako gobernuko Garapen Ekonomikorako eta Eskubide Sozialen departamenduekin batera ari da lantzen Hezkuntza departamendua.

Eskaintza berriari dagokionez, Lanbide Heziketarako Zerbitzu zuzendari Esther Monterrubiok eman ditu datuak. Goi mailako zikloan euskaraz eskainiko dira “Turismo-ostatuen kudeaketa” (Elizondo ikastetxean) eta “Automozioa eta industria errobotika” (San Juan Donibane ikastetxean). Beste 4 ikasketa-lerro berri ere ezarri dira hurrengo ikasturtean, goi mailako zikloan: “Fabikrazio mekanikoaren ekoizpenaren programazioa” (Sakana), “Garraioa eta Logistika” (ETI), “Ebanisteria artistikoa” eta “Ikus-entzunezko grafikoa” (Iruñeko Arte Eskola).

Zilo ertainetan, euskaraz eskainiko dira “Erizaintza-laguntzailea” (Elizondo) eta “Ekoizpen agro-ekologikoa” (Agroforestal); gaztelaniaz, berriz, “Bideo Disko-jartzaile eta Soinua” eta “Autoen elektromekanika” (Donapea), “Osasun-emergentzia” (ESTNA), “Produktu grafiko interaktiboari laguntza” (Corellako Arte Eskola), “Sistema mikro-informatikoak eta sareak” (Salesianos) eta “Erizaintza-laguntzailea” (Maria Inmaculada).

Ikasketa guztien berri departamenduaren webgunean egongo da ikusgai gaurtik aurrera. Baita, izen-emateko epeak ere: maiatzaren 8tik 15era irekiko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!