Larriki gaixorik dauden presoen eskubideen alde giza katea eginen du Sarek

Euskalerria Irratia 2017ko api. 28a, 13:30

Atarrabia eta Martzelo Zelaieta etorbideak batuko ditu maiatzaren 13ko mobilizazioak. "3.500 metro elkartasun, 3.500 metro salaketa, giza eskubideen aldeko 3.500 ahalduntze metro" izanen direla esan dute antolatzaileek.

Larriki gaixorik dauden euskal presoen eskubideen alde giza katea egitera dei egin du Sare herritarrak. Maiatzaren 13an izanen da, Atarrabia eta Martzelo Zelaieta etorbideak lotuko ditu, 13:00etan. "3.500 metro elkartasun, 3.500 metro salaketa, giza eskubideen aldeko 3.500 ahalduntze metro" izanen dira, antolatzaileen esanetan.

Kartzelan dagoen euskal preso kopurua "gero eta txikiagoa" bada ere, "larriki gaixo dauden presoen kopuruak gora egin du". Egun, 22 dira eri daudenak. Horietatik, hiru nafarrak izan ditu bereziki gogoan Sarek: Iñaki Etxeberria, Josetxo Arizkuren eta Gorka Fraile.

Presoak, eskubideen jabe

“Herritar orori zor zaizkien eskubide eta askatasun demokratikoaren defentsan” ari dela “berretsi” du Sarek. Halaber, eskubideak “oinarrizko araua" direla azpimarratu du, "abagune politiko ororen gainetik" egon beharko luketela. Preso dauden pertsonek ere eskubideak dituztela ekarri dute gogora, halaber, eta "aitortu eta bermatu" behar zaizkiela defendatu du Mikel Mundiñanok, Sareren izenean. Gaixotasun larriak dauzkaten presoak espetxean mantentzea "oinarrizko eskubideen urraketa larria" dela ziurtatu du. 

Herri mobilizazioari esker

Oier Gomezen kasua ekarri du Sarek gogora; espetxetik "askoz lehenago" atera beharko zuketela salatu, eta askatasuna herri mobilizazioei esker lortu duela ziurtatu du. Ildo beretik, kalean “berehala” beharko luketen preso asko daude, Mikel Mundiñano Sareko eledunaren hitzetan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!