Estatistiken arabera, Nafarroa da bizitza-luzera handieneko biztanleak dituzten munduko eskualdeetako bat. Emakumeak bigarren tokian daude Europako 300 eskualde baino gehiagoren artean (2015eko datuak), 86,9 urteko bizi-itxaropenarekin, eta gizonezkoak seigarrenean, 81,6 urtekoarekin. Beraz, Nafarroak du Europa eta mundu mailan aurkitutako bizi-itxaropen altuenetako bat.
Fernando Dominguez Osasuneko kontseilariak eta Maria Jose Perez Jarauta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan-osasuneko Institutuko zuzendari kudeatzaileak eman dute oinarrizko 57 osasun-eremuetako bizi-itxaropenaren analisi bereiziaren berri gaur goizean parlamentuan. Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiak egindako azterketetatik ondorioztatu daitekeenez, bizi-itxaropen txikieneko eremuek Nafarroako orokorrarekiko bi urteko gehienezko aldea dute; alde hori beste autonomia erkidego eta Europako beste herrialde batzuetan dauden aldeak baino nabarmen txikiagoa da. Iturrama auzoan, Atarrabian eta Izabako eta Los Arcoseko oinarrizko osasun-eremuetan aurkitu dira Nafarroako bizi-itxaropen altuenak. Txikienak, berriz, Elizondon, Buñuelen, Leitzan eta Antsoainen, besteak beste.
Ikasketa-mailaren eta errentaren eragina
2001-2008 aldian, hilkortasunak ikasketa-mailarekin lotura duela ikusi da. Horrela, esaterako, lehen mailako edo maila txikiagoko ikasketak dituzten gizonezkoek, unibertsitate-mailako ikasketak dituztenekin alderatuta, hiltzeko arrisku handiagoa dute gaixotasun batzuetarako: % 34 gehiago gaixotasun kardiobaskularretan; % 21 gehiago minbizietan, eta % 86 gehiago biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoetan (BGBK). Halaber, lehenengo taldean, zirrosiagatiko eta trafiko-istripuengatiko hilkortasuna lau eta bost aldiz handiagoa zen, hurrenez hurren, unibertsitate-mailako ikasketadunen tasekin alderatuta.
Emakumeei dagokienez, nabarmentzekoa da, ikasketa-maila baxuak dituztenen artean, diabetesarekin, BGBKrekin edo arazo kardiobaskularrekin lotutako hilkortasuna handiagoa dela, unibertsitate-mailako ikasketak dituztenekin alderatuta. Hala ere, azken horiek tabakismoarekin lotutako minbiziengatiko hilkortasun handiagoa dute, ohitura hori hartzen lehenengoak izan baitziren.
Diru-sarrerei dagokienez, gaixotasun kronikoen presentzia (honako hauetakoren bat edo batzuk: asma, garuneko iktusa, giltzurrun-gutxiegitasuna, BGBK, bihotz-gutxiegitasuna, diabetesa eta dementzia) % 40 handiagoa da 18.000 euroz azpiko diru-sarrerak dituztenen artean, 100.000 eurotik gorakoak dituztenekin alderatuta.
Diabetesaren kasuan, errentaren eta bizitokiaren araberako ezberdintasunak daudela egiaztatu da. 20 urte eta gehiagoko gizonezkoen artean, hamarretik batek dauka diabetesa errenta txikieneko taldean; errenta handiagoko taldean, berriz, hogeitik batek. Emakumeen artean, alde horiek oso lotuta daude gehiegizko pisuarekin eta obesitatearekin, eta are handiagoak dira: Iruñeko oinarrizko hainbat osasun-eremutan –Iturrama, Azpilagaña II, Zabalgunea eta Donibane, esaterako– % 4tik beherakoa da, eta beste eremu batzuetan –hala nola Berriozarren, Carcastillon eta Antsoainen–, % 7tik gorakoa.
Bizitza-estiloak ere ezberdinak dira ikasketa-mailaren arabera. Horrela, bizi-baldintzei buruzko 2012ko inkestaren arabera, unibertsitate-mailako ikasketadun biztanleek, gizonezkoek zein emakumezkoek, neurri txikiagoan dira erretzaileak.
Azterketa horretan jasotako beste alderdi bat da haurren obesitatea; haurtzaroko obesitatea helduarokoarekin lotuta dago, eta gaixotasun kardiobaskularrak eta 2 erako diabetesa izateko arrisku handiagoarekin. Nafarroan, ezberdintasun sozioekonomikoei dagokienez, gurasoen errenta-mailarekin lotuta dagoela ikusten da: zenbat eta txikiagoa izan errenta-maila, obesitate handiagoa haurretan. Bi eta bost urte bitarteko haurren taldeetan, alde absolutua 2-3 punturen artean dago; eta 10-14 urte bitartekoen artean, 5 puntutik gorakoa da aldea.
Bizitokiaren araberako ezberdintasunei dagokienez, 0-5 urte bitartekoen taldean, oinarrizko eremu batzuek, landa-ingurunekoak zein hiri-ingurunekoak(Buztintxuri, Huarte, II. Zabalgunea, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Sarriguren, Zangoza, Salazar/Izaba, Zizur-Etxabakoiz eta Gares, besteak beste), Munduko Osasun Erakundeak "egokitzat" jotzen duen obesitate-portzentajea dute (% 3tik beherakoa). Oinarrizko beste eremu batzuek (Doneztebe, Leitza, Lesaka, Altsasu, Carcastillo eta Corella) bikoiztu egiten dute portzentaje hori eta, Iruñean bertan, badaude portzentaje hori hirukoizten duten eremuak ere, hala nola Milagrosa, Azpilagaña, Arrotxapea eta Txantrea.
Osasun Komunitarioaren Behatokia
Iazko azaroan jarri zuten martxan Osasun Komunitarioaren Behatokia, Nafarroako osasun kolektiboari dagokion informazio guztia sortzeko, aztertzeko, biltzeko, antolatzeko eta jakinarazteko tresna gisa; horrela, herri administrazioek eta osasunaren arloko beste eragile batzuek lurralde-eremu bakoitzaren egoera zehatzera egokitu ditzake bere politikak eta jarduketak, eta ezberdintasunak murriztu.
Osasun Komunitarioaren Behatokiak batez ere hiru esparrutan egiten ditu azterlanak eta txostenak:
1.-Osasun egoera eremu geografikoaren arabera. Profila, eremu geografikoaren arabera: osasun-adierazleen multzoa, eta maila geografiko ezberdinetan erabakigarriak direnak: Nafarroa, Osasun-arloa, Eskualdea eta Oinarrizko Osasun-eremua. Hilkortasunarekin, gaixotasunekin, bizitza-estiloekin, bizi-baldintzekin, demografiarekin, osasun-zerbitzuekin eta osasunerako baliabideekin edo aktiboekin lotutako adierazleak azaltzen dira.
2.-Osasun-gaiak: tartean daude gaur egungo osasun-arazoei eta osasuneko gizarte-ezberdintasunei buruzko azterlanak.
3.-Osasuneko aktiboak eremu bakoitzean biztanleen osasuna mantentzeko eta hobetzeko dauden baliabideen bilduma; hala nola ariketa fisikoa egiteko dauden espazioak, gizarte-babeseko taldeak, eskola osasungarriak eta ostalaritza-zerbitzu arduratasuak.
Behatoki horrek sortzen duen informazio guztia webgune batean dago eskuragarri; webgune horretan, hain zuzen ere, ematen da egindako azterlanen emaitzen berriz, eta herritarren iradokizunak eta ekarpenak jasotzen dira.