Sanjurjo kolpista ohore militarrekin lurperatu izana gaitzetsi du parlamentuak

Euskalerria Irratia 2017ko api. 24a, 14:39

Melillan, kargu publiko eta militarren presentzian egindako omenaldia gaitzetsi dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezkerrak eta PSNk, Memoriaren Historikoaren Legea bete dadila eskatzearekin bat.

Melillan lurperatu dute Sanjurjo genozida frankista, ohore militarrekin eta hainbat politikari eta militar bertan zeudela -Espainiako Defentsa Ministerioko hainbat goi kargudun eta Melillako ordezkaritza politiko bat izan ziren ekitaldian; besteak beste, Juan Jose Imbroda hiri autonomoko presidente eta Espainiako senataria-. "Sanjurjo jeneralarekiko errespetuagatik joan nintzen. Esker ona zor diedalako 1921eko hondamendiaren ostean hiria defendatu zutenei", esan zuen Imbrodak, omenaldiaren ostean; halaber, nabarmendu zuen ekitaldi "pribatua eta intimoa" izan zela, "inolako ohore militarrik gabea". Gauzak horrela, omenaldi horren kontra azaldu dira Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezkerrak eta PSN: gaur goizean deklarazio instituzionala onartu dute, gaitzesteko. 

UPNk eta PPk ez dute gaitzetsi

UPNk kontrako botoa eman du deklazioaren hiru puntuetan; PPk ere aurkako botoa agertu du hiru puntuetako bitan eta abstenitu egin da Memoria historikoari erreferentzia egiten zion puntuan.

Frankismoari gorazarrea

Sanjurjori ohore militarrekin lur ematea frankismoaren "biktimekiko iraina" dela esan du Geroa Baiko eledun Koldo Martinezek eta jenerala "hiltzailea" izan zela azpimarratu.

Ildo beretik, Frantziako estatuko hauteskundeen lehen itzuliaren biharamunean, eskuin muturra Frantzian bakarrik ez, Espainian ere badela eta Sanjurjo omenduta "frankismoaren eta genozidioaren gorazarrea" egin zela esan du EH Bilduko eledun Adolfo Araizek.

Ahal Duguri dagokionez, omenaldian egon ziren kargu publikoak kargugabetu egin behar dituztela azpimarratu du Laura Pereze ordezkariak. 

UPN, ordea, deklarazioaren kontra azaldu da eta informazio gabezia dagoela esan, "alderdikeriz" jokatu nahi ez duela azpimarratuz. PPk ere gaia puztea leporat die gainontzekoei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!